Lide Hernando.
'Ekografiak'

Uda, etxetik ikusgai

2025eko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herritik atera eta beste errealitate batzuk bizi dituztenekin hitz egitean ohartzen naiz zenbaterainoko garrantzia duten gurean herriko jaiek. Tradizio ezberdinez hitz egiten hasten bagara, hor ez dago dudarik noraino iristen den euskaldunon jaiekiko sukarra; batik bat, jakinda bertatik abiatutako gatazkak nonahi topatzen ditugula. Baina gai arantzatsu hori baztertuta ere, jaiak hemen oso serio hartzen direlako zantzu nabariak esparru askotan topa ditzakegu. Eta esparru horietako bat, noski, telebista da.

Uda iristean, urtero topa dezakegu euskal jaiei eskainitako saio berriren bat; dela Edozein Herriko, dela Jaiak urtez urteko aldaerekin (Jaiak 96, Jaiak 97, Jaiak 98...), dela Erromerian... Bada, aurten ere, tankera horretako saio berri bat estreinatu dute: Uda-pasa du izena, eta Nerea Aliasek aurkezten du. Egoitza eta zentro neuralgikoa Donostiako Aquariumean duten arren, egunero saioko erreportariak Euskal Herriko zenbait txokotara mugitzen dira, bertako jaien inguruko piezak eta anekdotak grabatzera —hemen ongi baitakigu euskal jai orok urtero anekdota berri eta bitxiren bat duela—.

Ezeren aurretik, esan nahiko nuke pozten nauela azkenaldian Nerea Aliasek pantaila txikian hartu duen gorako txanpak. Ez da inoiz bertatik desagertu, baina egia da aurreko proiektu askotan bigarren mailako aurkezle edota erreportari gisa izan dela; eta azkenaldian, berriz, bai Intimitatean saioan, bai Uda-pasa honetan hartu duen protagonismoa urteetan garatutako profesionaltasunaren adibide dela esango nuke.

Saioa bera zer iruditzen zaidan? Bada, hor, egia esan, ez dut gauza askorik esateko: egia da udako saio hauek guztiek molde beraz eginak diruditela. Ez diet bertako ekoizle eta gidoigileei, edo Aliasi berari, errurik kendu nahi; baina, azken finean, Euskal Herrian udan zer dago bada kontatzeko? Jaiak eta hondartza, hondartza eta jaiak, besterik ez. Beraz, normala uda ardatz duen saio batek erronka konplexua izatea berrikuntzari dagokionez.

Uda-pasa saioak, ordea, jaien inguruko kronikak Aquariumera gerturatuko diren gonbidatuen elkarrizketekin konbinatuko ditu; baita, Biba Zuek-en gisako magazinetan bezala, umore edota bitxikeria tarteren batekin ere, kolaboratzaileen eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.