Euskaraz late night show berri bat, Linbo, estreinatu den honetan, gai hori jorratzen duen telesail bati buruz hitz egin nahiko nuke. Ez da Hacks telesailari buruz hitz egiten dudan lehen aldia, baina hain justu bere laugarren denboraldian protagonistak, Deborah Vance umoristak —Jean Smart ikonikoa lehen lerroan—, betidanik desiratu duen late night aurkezle lana atera beharko du aurrera, bere ibilbide profesionalaren ilunabarrean. Gaueko telebista saio horren gortinaren atzean ezkutatzen direnak kontatuko dizkigu telesailaren laugarren denboraldiak, betiko umore garratza lagun.
Deborah Vance ez da Hacks telesaileko protagonista bakarra, ordea. Berarekin egundoko dupla egiten jarraituko duen Ava gaztea —Hannah Einbinder— topatuko dugu oraingoan ere bere alboan; edo parez pare, ez baitago inoiz argi lagun edo etsai diren. Ava, hain zuzen ere, talk show horretako gidoilari-taldearen zuzendari izatera iritsi zen hirugarren denboraldiaren amaieran, horretarako metodo ez hain ortodoxoak erabiliz. Bien arteko adiskidetasun-etsaitasun horren gune grisetan mugitzen da erosoen telesaila, nahiz, laugarren denboraldia izateko, tarteka dinamika horiek errepikakorrak suerta daitezkeen.
Gristasunak gristasun, ordea, garrantzitsua iruditzen zait belaunaldi ezberdinetako bi emakumeren arteko harremana erretratatzen duen telesail bat plataforma mainstream batean egotea. Back to the Future-ko Marty McFlyk Doc zientzialaria behar duen bezala, edota Seven-eko Mills detektibeak Somerset behar duen bezala, belaunaldi talka hori islatzen duten duplek betidanik funtzionatu izan dute zineman. Noski, gizonezkoak badira. Horregatik iruditzen zait hain beharrezkoa talka hori islatuko duen bi emakumeren istorioa kontatzea. Halaber, lehenbiziko denboraldietan fikzio horrek bakarrizketen eta errepidearen mundua erakutsi digun bezala, bertatik talk show-en mundura lekualdatzea oso jauzi naturala egin zait.
Zuzentasun politikoaren mugak, belaunaldi talka, umore femeninoa vs emakumezkoak umorean, pantaila txikian zahartzearen ajeak. Gai interesgarri asko jorratzen ditu Hacks-ek, eta laugarren erronda honetan, nahiz gai batzuekin gehiegi endredatu, momentuko telesail beharrezkoenetarikoa izaten jarrai dezakeela frogatu du.