gorka julio

Whatsapp talde masiboak

2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Whatsapp talde masibo batzuk zabaltzen hasi dira euskal gazteen artean, kezka piztuz. Milaka gazte sartu dira edo sartu dituzte irudi pornografikoak, mezu homofoboak, matxistak eta faxistak hedatzen diren taldeetan. Hainbat ikastetxetako zuzendariek jada salaketak jarri dituzte eta ikertzen ari dira gertakaria.

Eztabaida askorekin nahasten da gaia eta garrantzitsua iruditu zait zein gai jorratuko ez ditudan adieraztea lehen paragrafoan. Lehena, pornografiaren gaia. Gaia garrantzitsua da, baina, aldi berean, pultsio erreakzionario bat ere badu. Ez diot gaiari garrantzia kendu nahi, gazteen jarrera sexu-afektiboan eta bereziki emakumeekiko indarkerian jokatzen duen paperagatik, baina ez dut hemen landuko. Bigarrena, gazteek pantailak eskuratzeko adin egokiaren inguruko gaia da. Horrek garrantzia eta pultsio teknofobo bat badu ere, garrantzitsua da, gazteen atentzioan, garapen kognitiboan eta heziketan zuzenki eragiten duelako.

Whatsapp aplikazioa taldeetan sartzeko oniritzia eskatzeko konfiguratua ez baduzu, edonork sar zaitzake talde batean. Era horretan sortu dira «Meter gente hasta que nos hagamos famosos» eta «Hasta llegar al millón» taldeak. Milaka gazteren telefono zenbakiak biltzeko estrategia bat dirudi, horren helburuak argi ez badaude ere.

Zer da dakiguna? Eskola pribatuen artean zabaltzen hasi da eta beste eskola batzuetara hedatu da. Helduek eginiko mezuak dirudite, baina gazte asko, bereziki gizonak, erraz engaiatzen dira, sortzen diren elkarrizketa motak ohiko beste talde txikiagoetan hedatzen dituzten mezuen antzekoak direlako. Mezuak, aldiz, emakumeen, migratzaileen, euskaldunen eta disidentzia sexualen kontrakoak dira.

Ez da gertatzen den lehen aldia, Katalunian «Niños toda España» taldearekin ere gertatu zen, eta kasu horretan, ultraeskuinari lotuta egon zitekeela zirudien. Argentinan eta beste toki batzuetan ere gertatu izan da eta hor gazteekiko sexu jazarpenarekin lotura zuen. Gazteak taldeetara gehitu eta eduki hori ikusi ondoren, mehatxatu egiten zituzten eta euren borondatearen kontra zerbait egitera edo onartzera behartu; beren gurasoei ez kontatzearren, xantaia egin eta sexu irudiak, bideoak edo dirua eskatzen zieten trukean. Arrazoia bat edo beste izan, horren kontra antolatzea da erantzuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.