Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Zaldiak

2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Argia da gero gure Galarraga maitea. Ea Bertin Osborneri buruz noiz idatzi behar nuen zain zegoela, eta marroia berari utzi diodala idatzi zuen atzo. Alegia, nahi dudana egiten dudala, eta gero berari tokatzen zaiola serio jartzea. Ezin zuen hobeto esan, hain zuzen horiexek baitira Osborne burura datorkidanean lotzen ditudan kontzeptuak; marroia eta askatasuna, zaldiak datozkidalako burura. Hainbatetan ikusi dugunez jauntxo andaluz baten tankerarekin objektiboaren aurrean jarrita, Osborne jauna burura etorri eta zaldietan pentsatzen dut. Janarian ere pentsa nezake, Paul Newman bezala, entsaladetan botatzeko saltsetako botilen etiketan agertu baita. Baina ez. Eta, egia esan, nahiago jatekoa nola irabazi duen gogora ekartzen ez badut, sufrikario galanta baita emakumeontzat —Galarraga, zuk beste saio batzuk ikusi nahi ez dituzun bezala, utzidazu Lorcaren zaldiarena egiten Osborneren saioekin, mesedez, arren, otoi—.

Lluvia de estrellas da gogoan daukadan Osborneren lehenengo saioa. Operación Triunfo, Factor X eta La Voz formatuen aurrekaria izan zena. Ondoren jaio ziren talent show-en epaimahaietako pertsonaien rola ere ezarri zuen; Lauren Postigo eta Carlos Tena bikotearen unerik garratzenak identitate bakar batean bildu zituen Risto Mejidek. Ordurako, Bertin Osborne espainiar gentleman bat zen: abeslaria zen —sinetsarazi nahi digutenez—, PPren sokakoa eta fisikoki edertasunaren kanonean sartzen zen. Saio arrosa guztiei beita ematen zien. Osborne norekin oheratzen zen eta norekin oheratu nahi zuen publikoki jakina zen. Haatik, kontuz! Harekin txortan egiten zuten emakumeei telebistak ez baitzien hari bezainbesteko estimu handia. Berdintasunaren kontrako eredu zahar eta zatar horren elikatzaile aktiboa izan da Osborne, Galarragak ondo adierazi legez, «ia Erdi Arotik datorren pertsonaia». Horregatik, agian, lortzen du ikusle datu ona Erdi Aroan daudenen artean. Ez da sekretu bat, Marilo Montero—umoregilearen— fana naizela. Alta, ezin dut jasan saioan bion artean sortutako erdi-ligoteo rollo hori. Platoan botere rol sexual estereotipatuen banaketa jasangaitza zait. Kazetaria eta emakumea naizenez, borroka bestaldetik bizi dudalako izango da. Beraz, ez daukat inolako asmorik Osborne jaunaren elikaduran laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.