Berrogeita hamargarren urteurrena dela eta, Burgosko Prozesuari buruzko hainbat ikus-entzunezko berri izan dira ikusgai egunotan han-hemenka. El Proceso de Burgos, un juicio para la historia dokumentala —ETB2ko 360º saioan abenduaren 6an emana— izan zen aurrenekoa eta seguru askorik sakonena; batez ere orduko epaituen zein abokatuen lekukotasun zuzenekin zegoen hornitua: Itziar Aizpurua, Antton Karrera, Enrique Gesalaga, Miguel Castells, Francisco Letamendia Ortzi... Interesgarriak izan dira, horrez gain —hainbat hedabideren webgunetan ikusgai biak—, Ezpatari nagusitzen zaio herria herri-ekimenaren ikus-entzunezkoa eta Joseba Sarrionandiak, Kuban, Josu Abrisketari, Burgosen epaituetako bati, egindako ordu erdiko elkarrizketa.
Oro har, oso bestelako gizarte baten berri ematen dute lan guztietan jasotako lekukotasunek, frankismoaren zapalkuntzaren aurkako elkartasun giro zabal baten berri funtsean. Abrisketak bere lekukotasuna ematean egiten duen kontaketari jarraituz, zaila da haren aurkako epai moralik egitea, eta gauza bera gertatzen da, adibidez, Ezpatari nagusitzen zaio herria grabazioan, Sabino Cuadrak egiten duen kontaketa zehatza entzutean. Bi lekukotasun horiek entzunda, garai hartan Francoren aurka legez kanpoko bideetatik borrokatzea ia-ia betebehar bat zela dirudi, eta halaxe izan zen askorentzat. Duela berrogeita hamar urte, izan ere, berez definitzen oso zaila den eta gaur egun erabat lausotuta dagoen errealitate politiko bat gako sendoa baitzen —eta halakotzat jotzen baitzen— Euskal Herrian, orduko lekukotasunetan behin eta berriz aipatua izateak erakusten duenez: herria.
Ezpatari nagusitzen zaio herria ikus-entzunezkoan oso maiz aipatzen da herria, maizegi ere bai aukeran, ez baita duela 50 urtekoa soilik aipatzen, baita gaur egungoa ere, bizirik legokeen entitate politiko moduan, duela 50 urte izan zena bezala, edo areago, orduko herria gaur egungo bera balitz bezala, gaur egun norberaren eta/edo gogaide-burkideen burubideak herriarenak direla esateak sinesgarritasuna galtzeko eta propagandaren esparrura zuzenean lerratzeko arriskurik ez balu bezala, gaur egun herria non dagoen edo zer den jakiterik balego bezala. Dakienik baldin bada, bejondeiola!

EKOGRAFIAK
Zer da gaur egun herria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu