Diruz txarto dabiltzala-eta, espainiar telebista publikoak, hots, TVEk, iragarkiak berriz ere telebistaratu edo ez erabaki beharko du. Horrela jakinarazi du espainiar zirku politikoan dantzan ari den Iñigo Mendez de Vigok, Hezkuntza, kultura eta kirol ministroak. Ez da berri batere baikorra, esan nahi baitu, besteak beste, Euskal Telebistak zail samar edukiko lukeela tankerako neurria hartzea, nahi izanez gero. Irudikatzen al duzue iragarkirik gabeko Euskal Telebista? Imajinatu dezakezue gaueko saioak programatutako orduan pantailaratzen dituen Euskal Telebista? Tira, ez gaitezen orokorkerietan erori, hori soilik gertatzen baita, gogotsu eta itxaropentsu telebista aurrean saioa hasi aurretik jartzen garenetan.
Sobera ondo dakigu telebista ez dagoela bere onenean: ez dira betiko garai onenak. Iraganean ez bezala, gaur egun telebista aurrean paratzeak buruak atseden hartu nahi duela esan ohi du. Telebista denbora pasa bat dela sinetsarazi nahi digute. Entretenimendua sortu eta zabaltzeko makina bat dela. Baina egia esan, entretenitzeko funtzioa duen tramankulua izateaz gain, badu beste erabilerarik telebistak: gizakiak bakarrik ez sentitzeko erabiltzen dugun makina bihurtzen ari da. Telebistan jartzen dituzten programa gehienei so besterik ez da egin behar: reality-ak, tertuliak, lehiaketak... Kuadrillan egotea bezalakoa izan daiteke. Ahal dela edukiak modu errazean kontsumitzeko eskaintzen zaizkio ikusleari, erne egoteko gaitasunik ez balu legez. Hau da, telebista bizitzaren egunerokotasunaren parte dela ematen du, arazorik ematen ez duen pisukide entretenigarria balitz bezala. Alegia, heziketak eta didaktikak lekua galdu dute gure telebistan. Beraz, zertarako balio du telebistak? Zein bihurtu da telebistaren funtzioa ez bada gizartea kontrolatu eta ohiturak errotzeko dispositibo bat? Ez badu ezer irakasten, bakarrik sentitu ez gaitezen balio badu eta diru trukaketak egiteko balio badu, zer balio positibo transmititzen dizkigu?
Non geratu da telebistak jendea bere inguruan elkartzen zuen garaia? Non geratu da telebistarekin batera ikastea posible zen garaia? Non geratu da telebistaren ordutegia guretzat garrantzia zeukan garaia?
Iragarkiak jartzea, beraz, gizartearen bizimodua kontrolatzeko eta dirua mugitzeko ez bada, zertarako balio du telebistak?

EKOGRAFIAK
Zertarako telebista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu