gorka julio
IRLEN SAREA

Zibernetika berri bat

2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Zibernetika obsesio bat izan zen Internet eta informazio teknologiek ireki zitzaketen aukera berriak zabaltzen hasi zirenean. «Zibernetika, sistema konplexuen azterketan, informazioaren eta komunikazioaren teorien eztabaidan, hartzailea eta igorlearen artean joan-etorriko bidea dagoela aitortu zuen teoria da» (Wikipedia).

Allenderen garaian, Cybersyn proiektua jarri zuten martxan. Proiektu horrek ia denbora errealean jasotzen zuen estatuaren kontroleko fabriken informazioa, datu zentro batean jaso eta aztertu ondotik, erabaki ekonomikoak hobeto hartzeko erabiltzeko. Internet baino lehen, zibernetika neurri aplikatu horiek posible zirela frogatu zuen proiektuak, 1973an kolpe militarrak zapuztu zuen arte. Jendarte gero eta konplexuagoan gauden arren, teknologien bidez sortzen ditugun datu andanak inoiz baino kontrolagarri egiten gaitu. Horregatik, jendartearen kontrol zibernetikoak inoiz baino aukera gehiago dituela esan daiteke. Txina aipatzen da maiz, baina estatu eta ia estatu izaera lortzen ari diren enpresa erraldoiak ere joko horretan sartuta daude.

Bitartean, eskala txikian eta zibernetika horri, eguneroko kudeaketan, konplexutasuna kudeatzeko trikimailu sorta artisauekin gabiltza denok. Teknologia bitarteko edo ez, gure eskuetatik ihes egiten duen orainaldia zeharkatzen dugu: etorkizun hobearen promesari eutsiz batzuk, etorkizunik izango ote dugun pentsatuz gehiagok. Polita izan zen Tabakalerak Pobreen zibernetika erakusketan azaleratu zituen estrategia bildumak. Tutorialak, ariketak, partiturak, rol jokoak, erakusketak gizartearen erregulazioa eta kontroletik aldentzeko tresnak, jarrerak eta jarduerak jasotzen zituen.

Zibernetikaren beste definizio bat «animaliaren eta makinaren arteko komunikazio eta kontrolaren zientzia» da. Euskal Herrian bizi diren pertsonen laurdenetik gora bakarrik sentitzen da. Horietako gehienek etxea dute, eskuratzea zaila bada ere. Etxeak, teknologia bezala ulertuta, ez du arazoa konpontzen. Horren ordez, habitatak sortzea dagokigula uste dut. Komunitatearen parte zarela sentitzen duzun, ekarpenak egiten dituzula eta bertan trebetasunak eta ezagutzak garatu ditzakezula posible egiten duten espazioak eraikitzea. Hor zibernetika berri bat edo nahi bada anti-zibernetika bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.