gorka julio

Zortea eta zorra

2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Ikerketa esparru baten emaitzak askotan ezin dira aurreikusi, baina, oraingoan, zorte handia izaten ari gara adimen artifizialari lotutako esparruan. Lan metatu eskerga egina dauka sare neuronalen eremuan, eta bereziki hizkuntza teknologietan, Euskal Herrian egiten den ikerketak. Aitortzak tantaka datoz; azkenaldian, baina, horiek biderkatzeaz gain, pauso berriak emateko prestatzen ari dira.

Oinarrizko ikerketa, ondorengo merkaturatzea eta arlo publikoaren laguntza emaitza onak izaten ari dira. Clariah-eus ikerketa azpiegitura sortuko dute, eta horren antolatzeko era eta hurrengo bost urteetan landuko dituzten ildo estrategikoak aurkeztuko dituzte azaroaren 23an, Donostian.

Clariah-eus azaltzea zaila da. Xede nagusia da Humanitateetako eta Gizarte Zientzietako ikertzaileentzat beharrezkoak diren baliabideak ematea, eskaintzen dituzten Europako ikerketa azpiegitura digitaletan parte hartzeko, eta euskarazko eta euskararako baliabideak sortzea.

Unibertsitate publikoan ibili diren Ixa taldeari, Aholabiri, Elebilabiri... eta beste batzuei esker, adimen artifizialeko azken olatuan ondo kokatua dago euskara. Lan handia dago oraindik egiteko, baina, elkarlanean arituz, pauso handiak ematen ari dira baita ere euskalgintzako herri eragileak, enpresak, UEU eta Hitz Zentroa bezalako erakundeak.

Oraingoan, behintzat, zorte apur bat izan dugu. ChatGPT eta antzerako teknologien oinarrian dauden LLM Large Language Model delakoetan eta erabiltzen diren beste teknologia puntakoetan bada esperientzia Euskal Herrian. Asko hizkuntzaren lanketari lotutako teknologiak izaki, euskarak aro digitalean iraun dezan egindako esfortzuek beste arlo batzuetan ere baliatzeko aukera eskainiko digute.

Etorriko denak oparoa dirudi, baina nondik gatozen gogoratzea ezinbestekoa da beti. Esango nuke etorriko diren emaitza askoren jatorria EHUko fakultateko euskal adarreko eta gau eskoletan parte hartutako irakasle, ikasle eta ikertzaile belaunaldi berriei dagokiela. Ezin eskertu ahal diegu beren lana hain ongi egin izana. Akademikoki errekonozimenduak jasotzen ari dira orain, baina batzuengatik esan dezaket, lanetik harago eginiko auzolanak izan duela garrantzia. Aitortza akademikoa ez ezik, herri aitortza zor diegu askori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.