gaizka izagirre
IKus-entzunezkoak

Zuri-beltzezko harribitxia

2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Ripley, Patricia Highsmithen Tom Ripleyri buruzko eleberri-sorten egokitzapena zuri-beltzezko harribitxia iruditu zait. Steven Zaillianen eskutik iritsi da eta Andrew Scott aktoreak jokatu du Ripley protagonistaren rola. Zuri-beltzezko argazki lan ikusgarriaren egilea, aldiz, Robert Elswit da, arlo horretan maisua iruditzen zaidana. Istorioa 1960ko hamarkadan gertatzen da. Ameriketako Estatu Batuetako gizon aberats batek Tom Ripley kontratatu du, semea Italiatik etxera itzul dadin konbentzitzeko. Hortik aurrera gezur-sare bat ehuntzen hasiko da. Konbinazio horrekin, gutxienez, telesail txukun bat ikusiko nuela argi neukan, baina topatu dudana askoz hobea izan da; azken boladan Netflixek egin duen telesailik onena iruditu zait.

Hitchcocken oihartzunak dituen lan zoragarri horren argazki zuzendaritza lanean gehiago sakondu nahi dut, fotograma bakoitza artelana iruditu baitzait. Zinema klasiko beltzaren esentzia arnasten da une oro eta eszena bakoitzean argiaren eta itzalaren lan ia espresionista bikaina da, hamarrekoa. Ez dut kolorearen falta behin ere sumatu telesail osoan eta zuri-beltzak tarte zabala uzten dio irudimenari. Istorioa modu berezian ulertzeko aukera ere ematen du, distrakzio bisualik gabe, eta suspensea eta misterioa ere areagotu egiten dira; silueta gogorrak nabarmentzen dira, gorputzen ertzak, argi-ilunak, argi-kontrakoak… Zuri-beltzaren erabilerak ere distantzia moral moduko bat ezartzen du protagonistaren ekintzen eta ikuslearen begiradaren artean. Protagonista aipatuz, Andrew Scotten lana ere aparta iruditu zait, eta pertsonaiaren garapena zein arku dramatikoa itzela. Bere begiradek, isiluneek… pantailari iltzatuta mantendu naute. Kokalekua ere zeinen ongi landua dagoen, Italia; narrazioa babesten eta elikatzen duen beste pertsonaia bat balitz bezala ageri da.

Kriminal baten bizitzaren azterketa zehatza lantzea zuten helburu, eta horretarako, Zaillianek protagonistaren urrats, portaera eta errutina bakoitza behatzen du, ekintza bakar bat alboratu gabe; xehetasun planoz josia dago telesaila. Zentzu horretan, kontakizunak eskatzen duen erritmo geldoa du, bereziki lehen ataletan, baina zuri-beltzaren amaraunak zeharo katigatuko zaitu hirugarren ataletik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.