Ostiraletik aitzina Zornotzako herriak (Bizkaia) bere lekua izango du Anboto astekarian. Dagoeneko badu bere atala Durangaldeko hedabideko Anboto.org atarian. Durangaldeko Herri Komunikabideak kudeatzen du hedabidea, eta iragan astean sinatu zuen urtebeterako ituna Zornotzako Udalarekin. Herriko elkarte eta eragileei arituko zaie gaur proiektua aurkezten Zornotzako Zelaieta zentroan, 19:00etan.
Zornotzarrek beraiek eskatu zuten Anboto haien herrira zabaltzea, orain urtebete inguru.«Euskarazko komunikabideen inguruan Zornotzan hutsunea zegoela eta, herritar talde batek galdegin zigun ea prest egongo ginatekeen Zornotzara zabaltzeko», azaldu du Jone Guenetxea astekariko zuzendariak. Baiezkoa eman zuten Anboto-koek, eta sinadurak biltzeari ekin zioten herritarrek Zornotzako Udalari aurkezteko. Handia izan da herritar talde horren ahalegina Zornotzan euskarazko herri komunikabide baten presentzia aldarrikatzeko. Sarean bideo bat jarri eta argazkia atera zuten Euskararen Egunean astekaria herrira zabaltzeko eskatzeko.
Herritarren eskaerari erantzuna eman, eta iragan astean izenpetu zuten akordioa Andoni Agirrebeitia kultur zinegotziak eta Jasone Agirre Anboto-ko presidenteak. «Udaleko ateak zabalik aurkitu ditugu beti», dio Guenetxeak. Diru laguntzaren truke, astekariak Zornotzara zabaltzeko konpromisoa hartu du. «Urte bateko hitzarmena da, baina asmoa da hurrengo urteetan ere jarraitzea. Anboto-k Zornotzan izandako harreraren ikusi behar da lehenago».
Anboto jasotzen duten hamahirugarren herria izango da Zornotza ostiraletik. 18.000 biztanle inguru ditu; Durango ondoren, eskualdean biztanle gehien dituen herria da. «Erronka oso handia da guretzat. Herri handia da, eta mugimendu asko dago kultur eta kirol arloan, baita udalean ere». Astekaria berregituratu egingo dute, orrialde kopuru berdinarekin eman behar baitute Zornotzaren berri. Gaurkotasunak ezarriko du herriak astekarian izango duen presentzia.
Elkar ezagutzeko
Gaurko aurkezpena herriko eragileekiko eta elkarteekiko harremana saretzeko baliatu nahi dute. «Esaterako, kirol kazetariak kirol elkarteak ezagutuko ditu, eta informazioa trukatzeko bideak azalduko dizkie».
Gogoz hartu du erronka Anboto-ko lantaldeak. «Pozgarri» zaie Zornotzako herritarrek Anboto-n pentsatu izana euskarazko hedabideen hutsunea betetzeko. Euskararen normalizaziorako bidean «aurrerapausotzat» jo du Guenetxeak Zornotzara hedatzea. «Ostiralero-ostiralero herriko albisteak euskara hutsean eta doan jasoko dituzte».
Nabaria da azkenaldian tokian-tokiko euskarazko hedabideen zabaltzeko joera. Iragan astean, Hernaniko Kronika eraberritu eta Urumeako ibarreko gainontzeko herrietara zabaldu zuten, Urumeako Kronika goiburupean. Uriola.info ere aurkeztu zuten joan den astean; Bilboko euskal komunikabideak biltzen ditu plataformak. Guenetxea: «Bateratzeko joera bat dago. Eskualdeka indar txikiak batzea, elkarte indartsuak sortzeko. Horixe da Tokikomen helburua». Testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, «erabat ezinezkoa» litzateke beste hedabide bat hutsetik sortzea, Guenetxearen hitzetan
Harpidetza kanpaina «indartsua» hasi dute, zornotzarrek astekaria ezagutzeko. Herritarren «parte hartzea» beharrezkoa baitute aurrera egiteko. «Eragile eta herritarrek Anboto-n parte hartzea nahiko genuke».
Komunikazioa
'Anboto' Zornotzara zabalduko da ostiraletik aurrera, herritarren eskariz
Astekariak herriko albisteak argitaratuko ditu ostiralero; atarian, Zornotzak badu dagoeneko bere tartea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu