Angulei esker hirugarrena

Zumaiako 'Baleike' aldizkariko Gorka Zabaletak jaso du hirugarren urtez jarraian zientzia kazetaritzako CAF-Elhuyar saria. BERRIAko Amaia Portugal eta UEU ere saritu dituzte.

CAF-Elhuyar sarien irabazleak, atzo, Bergaran egindako ekitaldian. RAUL BOGAJO  / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Behin jasotzea zaila bada, pentsa zer den hirugarrenez jasotzea». Harrituta, baina pozik jaso du Zumaiako Baleike aldizkariko kazetari Gorka Zabaletakzientzia kazetaritzaren alorreko CAF-Elhuyar saria. Zumaia inguruko itsas azpiek eman zioten lehena; Higgs bosoiak bigarrena, eta oraingo honetan, angulek. Izan ere, iazko urtarrilean euskal itsasadarretan eta ibaietan urri baino urre den arrainkume horri buruz egin zuen erreportajea saritu du epaimahaiak. «Primeran erabili ditu kazetaritza baliabide guztiak. Hizkuntza eta egitura egokiak ditu, eta azalpen interesgarriak». Amaia Portugal BERRIA egunkariko zientzia kolaboratzailea eta UEU ere saritu dituzte, besteak beste.

Atzo banatu zituzten sariak, Bergarako Errekalde jauregian, Gipuzkoan. Bergarako mintegian lortu zuten zehazki Elhuyar anaiek wolframa isolatzea. Duela 230 urte izan zen hori.

Zabaletak aukera izan zuen bertatik bertara ezagutzeko AZTIko teknikariek Urola ibaian angula ugaritzeko egindako ahalegina, eta, haien nahiz angulazaleen laguntzaz, angulen ezaugarri eta sekretuak ezagutu zituen. «Gabonetan eta sansebastianetan asko hitz egiten da horietaz, baina horrez gain ezer gutxi dakigu». Hain zuzen ere, bitxikeria horietako asko ezagutarazi zizkien Zabaletak irakurleei: Kariben jaiotzen dela, bi urte eta erdi behar dituela euskal kostaldera iristeko, azaletik arnasa hartzeko gaitasuna duela, heldutasunera iristean Karibera itzultzen dela... Zabaletaren ustez, sariak herri aldizkarietan egiten den lana aitortzeko balio du, eta euskaraz zientzia kazetaritza egitera animatu zuen.

Amaia Portugalek horretan dihardu BERRIA egunkarian, eta uste du aurrerapausoak eman direla euskarazko zientzia dibulgazioan. «Sare sozialei eta, besteak beste, EHUtik eta Elhuyarretik egindako lanari esker, aurrera egin da». Portugalek zientzia kazetaritzaren arloko aipamen berezia jaso zuen, Georgiako Dmanisiko aztarnategiko ikertzaileek argitaratutako ikerketa bati buruz idatzitako artikuluarengatik. Horren arabera, Homo generoko hasierako norbanako guztiak erectus espeziekoak lirateke. «Artikulu sakon bezain entretenigarria osatu zuen, iturri aproposak erabilita». Gakoa hor egon zela uste du Portugalek. «Egiari zor, azken orduan egindako artikulua izan zen, baina aditu aproposekin hitz egitea lortu nuen. Amaitzean gustura geratzen zaren artikulu horietako bat izan zen». Zientzia gaiak lantzea ez dela erraza dio. «Baina, aritu ahala, seguruago sentitzen zara, eta ezagutzak pilatuz zoaz».

Merezimendu saria eman zioten UEUri, «hainbat diziplinatan egindako dibulgazio lanagatik, euskararentzat eremu berriak lantzeagatik eta elkarlanerako erakutsitako gaitasunagatik». Teleportazio kuantikoaz dihardu dibulgazio artikuluaren saria jaso zuen lanak. Gorka Azkune informatika ingeniariarentzat izan zen saria. Entretenigarria eta ausarta izan ziren epaimahaiak saritutako lana definitzeko erabili zituen adjektiboetako batzuk.

Doktore tesiari buruzko dibulgazio artikuluaren saria Eneko Bachillerrek eskuratu zuen, Bizkaiko golkoko espezie pelagiko nagusien ekologia trofikoaz egindako lanagatik. Sorkuntza bekari esker, Xabier Erkizia kazetari, ekoizle eta musikariak garai bateko euskarrietan gordetako soinuak aurkitu eta erregistratzeko proiektua garatu ahalko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.