Komunikazioa

Ardoa eskaintzen dute isunak ordaintzeko

Kanpaina bat hasi dute Katalanezko telebista Valentzian ikusgai jartzeagatik zigortutako taldeari laguntzeko

Edu Lartzanguren.
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Lluis Llach musikariaren ardoa erosi, katalanezko telebista Valentzian ikusgai jarri zutenei isuna ordaintzen laguntzeko. Hona Sorgindu zaitez-Embruxa't kanpainak proposatzen duena. 463.000 euro behar ditu ACPV Accio Cultural del Pais Valencia elkarteak Valentziako Generalitateak ezarritako isuna ordaintzen amaitzeko. Kataluniako TV3 telebista Valentzian ere ikusteko gailu bat jarri zuen elkarteak. Hori dela eta, hiru isun jarri zizkion gobernuak, eta, azkenean, 919.000 euro ordaindu behar izan dute, denera. Hedagailua duela hogei urte baino gehiago jarri zuen ACPVk, eta normal ikusi da TV3 Valentzian. Baina Francisco Campsen gobernuak (PP) ACPV zigortzea erabaki zuen 2010ean. Harrezkeroztik, seinalea kendu behar izan dute.

Embruix ardoa

Falta duten dirua biltzeko, egitasmo berezia hasi dute ACPVkoek, Vall Llach upategiaren laguntzarekin. Honek, Enbruix ardoa ekoitzen du.

Botila 18 euroan jarri dute salgai, hau da, ardo dendetan dagoen salneurri berean. Zuzenean erosita, ordea, bederatzi euro ardandegira joango dira, botilaren kostua estaltzeko, eta beste bederatzi ACPVren esku geratuko dira, isuna ordaintzeko. Erosteko informazio emateko, sorginduzaitez.wordpress.com gunea sortu dute. ACPVren ekimenez, sinadura bilketa egin zen 2010. urtean, Espainiako Legebiltzarrak legezta dezan erkidego autonomoetako telebistak haien muga administratiboetatik harago ere ikusgai jartzea. ETB Nafarroan ikusi ahal izatea da asmoa, edo TV3 Valentzian. Horretako 500.000 sinadura behar bazituzten ere, 650.000 baino gehiago lortu zituzten. Harrezkeroztik, Espainiako Kongresuan dago eskaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.