Komunikazioa

'Argia'-ko kazetari gehiago azalduko dira gaurtik 'Beranduegi' saioan

Interneteko irakurleek hedabidea diruz lagundu dezaten 'Piztu Ezazu Argia' gunea jarri dute martxan

Gorka Bereziartua eta Unai Brea kazetariak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Internet bidez egiten den euskarazko web tv saio arrakastatsuena bueltan da. Udako atsedenaldiaren ostean, gaur arratsaldean eskegiko dute denboraldi berriko aurreneko atala. Gorka Bereziartua saioko aurkezleak azaldu duenez, aurtengo helburua aurpegi berriak sartzea izango da. «Programak lehen bezala bi parte izango ditu. Aurrenekoan umorezko albistegia egingo dugu. Bigarrenean, aldiz, gure erredakzioko kideek eduki serioak aurkeztuko dituzte». Hala, sail ezberdinetako arduradunak agertuko dira Beranduegi-n. «Kurtsoan aurrera egin ahala, saiatuko gara berriak emateko bestelako formulak bilatzen», gaineratu du Argia-ko kazetariak. Aurreko denboraldian bezala, lehiaketak bere txokoa izango du.

Argia.com atarian ikusteaz gain, Beranduegi lurreko telebista digitalaren bitartez ikusteko modua dago. Hamaika Telebistak saioa asteartetan 23:00etan emango du. Goiena Telebistak ere datorren astetik aurrera emango du, gau partean.

Bestalde, Interneteko irakurleek Argia diruz lagun dezaten atari bat prestatu dute: Piztu Ezazu Argia. Kontuan hartu behar da Argia.com-en doan irakurri eta ikusten diren edukiak batez ere Argia astekariko harpidedunek sostengatzen dituztela. «Kazetaritza profesional, librea eta konprometitua egiten dugu eta sarean doan eskaintzen badugu ere, horrek kostu bat du. Beste hamaika proiektu ere jarri nahi ditugu abian eta gure lana estimatzen baduzu, aukera eskaini nahi dizugu ekonomikoki laguntzeko», helarazi nahi diete irakurleei. 5.000 lagunek irakurtzen dute egunero Argia.com CIESen arabera. «Gero eta publizitate gehiago sartzen zaigu Internetera, baina oraindik ez bere gastuan errentagarri egiteko adina». Azarorako webgune berria prestatuko dute eta eduki guztiak creative commons lizentzian jartzea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.