Komunikazioa

Aritz Aranburuk surf akademia bat gidatuko du Nitroko saio baterako

Lehiakideak aukeratzeko probak egiten hasi dira, eta datorren denboraldian estreinatuko dute saioa

Aritz Aranburu eta Ibon Amatriain atzo Zarautzen, Cracks del surf-en aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Bost gizonek eta bost emakumek hainbat aste pasatuko dituzte Aritz Aranburu surflariak gidatutako surf akademian, Zarautzen. Eta Nitro kateko San Miguel Cracks del Surf saio berrian erakutsiko dituzte, datorren urtean, akademia horretako gorabeherak eta Euskal Herriko hainbat hondartzatan egingo dituzten probak.

Lehiakideak aukeratzeko casting-a atzo hasi zuten. Internet bidezko hautaproba izango da: botoak lortzeko, hautagaiek internautak konbentzitu beharko dituzte www.antena3.com webgunean. Horretarako, uretan dituzten trebetasunak erakutsi edo duten izaerarekin ikusleak konbentzitu beharko dituzte.

Programaren bigarren fasea Zarautzen egingo dute, irailean, Surfeko Munduko Kopako San Miguel ProZarautz proba jokatzen den egunetan. Hamabost hautagai egongo dira Cracks del Surf saiorako. Itsasoan hainbat proba pasa, eta hiru kanporatu egingo dituzte.

Gero, «hauteskunde kanpaina» izeneko fasea iritsiko da. Hamabi finalistek kanpaina egin beharkodute hiru hilabetez, akademian sartu ahal izateko. Izan ere, azkenean bost emakume eta bost gizon sartuko dira Aranbururen akademian. Kanpaina horretan, lehiakideek Facebook eta Twitter sare sozialak erabiliko dituzte «promozio ekintzak» egin eta audientziaren botoak lortzeko.

Programaren azken fasea akademiarena izango da, abenduan. Hainbat astez, hamar hautatuak Zarautzen izango dira Aranbururen esanetara. Horrez gain, euskal kostaldeko hondartzetan ibiliko dira surf egiten. Surfaren inguruko ezagutzak jasoko dituzte.

Ikus-entzuleek eta internautek erabakiko dute zein den irabazlea. Eta garaileak nahi duen lekura joateko bidaia bat irabaziko du; esate baterako, Hawaiira edo Asiako hondartza onenak dauden ingurura.

Aranbururekin batera, surf akademian Ibon Amatriain entrenatzailea izango da. Olatu handietan aditua da Amatriain; izan ere, Europako aurreneko surflaria izan da Eddie Aikau txapelketan parte hartzen. Txapelketa hori Hawaiin egiten dute olatu handiak daudenean, eta soilik gonbidapen berezi batekin har daiteke parte.

Aranburuk BERRIAri azaldu dionez, surfaren mundua nolakoa den erakutsi nahi diote jendeari. «Buruan ez dugu Gran Hermano moduko saio bat. Pertsonen alde naturala azaldu nahi dugu, eta surfa buruan eguneko 24 orduz dutenen bizimodua erakutsi». Aranburuk onartu du akademiako elkarbizitza azalduko dela, baina morborik bilatu gabe. «Abenduan olatu handiak sartzeko aukera izaten da, eta horietan partaideek Ibon Amatriainen laguntza eta esperientzia izango dute».

Kirol emanaldiak Nitron

Antena3 taldeko LTDko kate bat da Nitro. 2010. urteko abuztuan hasi zituen emanaldiak, eta, berehala, Baineten Frontón pilota saioa emateari ekin zion larunbat arratsaldeetan. Futbolari egin izan dio tartea, batez ere Brasil eta Argentinako partidei. Eta Rallyen Munduko Txapelketako probak ere Nitrok emango ditu datozen bi denboraldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.