Koronabirusaren krisiak konfinamenduan sartzera eraman ditu munduko herritar ugari, eta horrek eragina izan du telebista egiteko moduan eta kateek eskaintzen dituzten edukietan. Luis Bello CNNko manager ohi eta ADC Media Productions ekoiztetxeko zuzendari nagusiaren arabera, «erabateko lurrikara bat» gertatu da munduko hedabide eta telebista guztietan. «Munduaren aro berria komunikazioaren arloan ere gertatzen ari da. Telebista aurkezleak alde teknikoa ikasten ari dira. Etengabeko aldaketa bat da, eta kazetariak orain multi-task dira, maila guztietan». Izan ere, telebista askotan, kazetariak eta aurkezleak etxetik ari dira emankizunak egiten eta albisteak ematen. Hezkuntzara bideratutako saioak ere sortu dituzte kate publikoek. Edonola ere, herrialde bakoitzak bere ñabardurak ditu:
TXINA
Konfinamenduan sartu zen aurreneko herrialdea izan zen. Egoerak eragin zuzena izan zuen reality show arrakastatsuenetan—karaoke saioek harrera oso beroa dute ikusleen artean—. Otsailean, Hunan TV kateko Singer saioan, partaideek etxetik kantatzeari ekin zioten. Era berean, kate horrek berak beste bi reality show sortu zituen, erakusteko pertsonaia ospetsuek nola zeramaten konfinamendua etxean. iQiyi, Youku eta Tencent Video ikus-entzunezko plataformek antzeko saioak estreinatu zituzten. Karaokekoak ziren horietako batzuk, baina iritsi ziren sukaldaritzarekin lotutakoak ere. Beste saio batean, berriz, herritarrei eskatu zieten bideoak bidaltzeko eta erakusteko nola egiten zuten dantzan.
EUSKAL HERRIA
Hamaika telebistako langile guztiak etxetik ari dira martxoko azken astetik, eta elkarrizketa guztiak etxe batetik bestera egiten dituzte. Goizetan, yoga eta zumba egiteko saioak ematen dituzte. Kanaldudeko Harri salda eta Har eman saioak ere etxetik egiten dituzte. ETBn, berriz, saio asko platoan egiten dituzte —Eztabaidan, El conquis, Qué me estás contando, albistegiak...—. Bestelakoa izan da ETB1eko Ur handitan saioaren hautua: martxoaren 16ko astetik, etxetik egiten dute. Usua Garin programaren zuzendariak uste du lantaldearen lan guztia etxetik kudeatzeak gabezia batzuk dakartzala: «Aurrez aurre lan egiten duguneko feedback asko galtzen ari gara. Saioan berez dugun lan erritmoa hankaz gora jarri da; orain, astetik astera ari gara saioa aurrera ateratzen». Garinen arabera, elkarrizketak Skype bidez egitean sentsazio eta emozio asko galdu egiten dira. «Ikusleak ere sentitzen du hori». Programaren zuzendariak esan du toki gehienetan antzeko gauzak ari direla egiten. «Ikusle gisa, Skype bidez egindako elkarrizketak ez zaizkit berdin iristen; aurrez aurreko sentipen horiek guztiak ez dira berdin iristen. Espero dudana da hau guztia amaitzean berriz ere lehen genituen lan dinamiketara itzuli ahal izatea. Ez nuke nahi telebista egiteko modu hau aurrekari bihurtzea; arriskutsua iruditzen zait». Bestetik, ETB3 Bitartean, etxetik ikasten saioa ematen hasi zen martxoaren 30ean, bereziki LHko aurreneko lau ikasturteetako ikasleentzat. ETB1ek goizetan Adinberri saioa ematen du, adinekoentzat pentsatua, «osasun fisikoa eta emozionala lantzeko».
KATALUNIA
Aritz Galarraga BERRIAko telebista kritikari ohiak —Katalunian bizi da— azaldu duenez, koronabirusaren lehen lerroan dauden pertsonen lekukotzen saio bat estreinatu du TV3ek: Primera linia—asteartean eta ostegunean ematen dute—. «Bazkalosteetan, berriz, fikziozko telenobela umoretsu bat ari dira ematen: Jo també em quedo en casa. Konfinamenduan dauden hainbat pertsonaia agertzen dira, eta bideo deien bidez dute harremana». Polonia umore saioan, aktoreek etxean grabatzen dituzte esketxak, sakelako telefonoarekin.
ITALIA
Ane Irazabal kazetariak —Erroman bizi da— azaldu du saio guztiak koronabirusaren gaia ari direla lantzen. «Gai bakarra da ia. Batzuk platotik egiten dituzte—ikuslerik gabe—, eta beste asko, etxetik. Tertulia politikoetan, gonbidatu denak etxetik sartzen dira, Skype bidez, aurkezlea platoan egon arren». Erreportajeen gaineko programak duela gutxi hasi dira berriz ere berriemaile bereziak bidaltzen. Kasu bitxi bat bada: «Skytg 24 kateak proiektu pilotu bat jarri du martxan albistegi osoa etxetik egiteko; alegia, aurkezlearen egongelatik».
ALEMANIA
Goizetan, haurrentzako eta gazteentzako programazio berezia ematen dute kate publikoetan. Ohiko ikasgaiez gain (Matematika, Fisika, Musika...), kultura orokorreko atal bat dago. Markel Anasagasti Berlinen bizi da, eta azaldu du atal horretan askotariko edukiak sartzen dituztela: «Nola funtzionatzen duen igogailuak eta nola egiten diren litxarreriak, nola filmak». Informazio saioetan eta albistegietan, kazetariek plastikoarekin estaltzen dituzte mikrofonoak, eta, jendea elkarrizketatu behar izanez gero, kirten luze bat lotzen diote mikrofonoari. «Zuzeneko programetan ez da publikorik izaten. Halere, gonbidatuak izaten dira, eta elkarrizketak eta debateak normaltasunez egiten dituzte; 1,5 metroko tartearekin, hori bai». Telebista pribatuak aurreko hilabeteetan funtzionatu ez duten edo beste arrazoi batengatik kendu izan dituzten saioak ari dira ematen. Kasu bitxi bat aipatu du Anasagastik: «Wer wird Millonär lehiaketan, hiru komodin izaten dira: 50-50, telefonikoa eta publikoarena. Publikoaren ordez, behin sari nagusia irabazi duten hiru parte hartzaile daude eserita platoko leku desberdinetan, eta haiek laguntzen diote lehiakideari». Publizitatea asko aldatu dela gaineratu du Anasagastik: «Orain supermerkatuen presentzia hirukoiztu egin da, eta denek erabiltzen dute bigarren pertsona: zugan, zuretzat, zuentzat... Enpresa askok ere hainbat iragarki egin dituzte koronabirusa aitzakia hartuta, denok batera eta antzeko leloak erabilita».
AEB
Luis Bello kazetariaren iritziz, agerian gelditzen ari da komunikazio arloko profesional askok dituzten gabeziak: «14 urte inguruko nerabeek, inoiz kazetaritza fakultate batean sartu ez direnek, irudi kalitatean gainditu egiten dituzte komunikazioaren munduko izarrak. Kate nagusietako aurkezle batzuk oso kazetari onak dira, baina ez dute arrastorik zein botoi ukitu behar den. Hondamendi komunikatiboak ikusten ari naiz kate batzuetan». Halakoak ABC, NBC, CNN, Fox eta beste kate askori gertatu zaizkiela azaldu du Galizian jaiotako kazetariak. «Pasahitza bilatzen duten bitartean, kazetari entzutetsu askorentzat pasatu egin da albistearen iraungitze ordua». Telebista kontsumoa asko hazi da asteotan AEBetan, baina are gehiago streaming bidezko plataformena. «Era berean, murrizketa asko egiten ari dira edukietan. Hala, artxiboko saioak berreskuratzen ari dira: haurrentzako saioak, fitness-ekoak... Harrera beroa izaten ari dira garai bateko saio horiek».
ERRUSIA
Kate publikoetan, COVID-19arekin ez kutsatzeko aholkuak ematen dituzte adituek, eta boluntarioen egitasmoen inguruan aritzen dira. Kalean aritzen diren berriemaileek maskara erabiltzen dute. Aurretik egondako beste birusen inguruko saio bereziak eman dituzte, aztertuz nola egin zioten aurre gaitzari. Publizitatean, Errusiako pertsonaia ospetsuak agertzen dira herritarrei etxean gelditzeko eskatuz.
FRANTZIA
Franck Dolosor EITBko kazetariaren arabera, ohi baino albistegi berezi gehiago eskaintzen ari dira, «noiznahi». France2ren albistegi nagusietan tokiko prentsaren irakurketa egiten hasi dira. «Eduki berriak behar dituzte, eta hurbiltasuna landu nahi dute. TF1eko eguerdiko albistegian, herritarren bideo bitxien tarte zabal bat eskaintzen hasi dira». Beste herrialde askotan bezala, «lehen dena platoan zen; orain, konexioak, etxetik». Arratsaldeko programazioan, N'Oubliez pas les paroles musika lehiaketaren errepikapenek lidergoari eusten diote. «Ohi baino komedia klasiko gehiago eskaintzen dituzte kateek». Louis De Funesen filmek ikusle datu bikainak bereganatu dituzte. France4 kateak ikastaroak eskaintzen ditu goizero etxean dauden ikasleentzat. «Christophe kantariaren heriotza dela eta, saio bereziak eskaini dituzte, eta arrakasta handia izan dute». Iragarkiak %34 apaldu dira telebistaren sektorean —iragarkien bidezko irabaziak %50 apaldu zaizkie TF1 eta M6 kateei—.
ESPAINIA
TVEko Clan eta La2 kateak Aprendemos en casa saioa hasi ziren ematen martxoaren 23an, 6 eta 16 urte arteko ikasleentzat. Ion Aramendik (Donostia, 1977) Todos en casa saioaren hiru atal egin zituen etxetik La1rentzat, eta kate horrek Diarios de la cuarentena umorezko fikzioa estreinatu du. Movistar Plus plataforma Sesiones Movistar+ In Da House saioa ematen hasi zen joan den ostiralean, non zenbait musikarik etxean jotzen duten. Telebista kontsumoa asko hazi da.
PORTUGAL
Garrantzi handia eman diete telebista bidezko hezkuntza lezioei, eta Portugalgo lehen ministroak azaldu du 16 urte arteko ikasleek telebista publikoaren bidez landu beharko dituztela ikasgaiak ikasturtea amaitu arte.
Aro berri bateko telebista
Konfinamendu garaiak telebista egiteko beste modu bat ekarri du: etxeak telebistako plato bihurtu dira askotan. Herrialde bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina hezkuntza saioak eta etxean egindakoak ia guztietan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu