Asteko ezinbestekoak eskuan

Berria Astekaria aplikazioa sortu du BERRIAk, asteko artikulu hautatuak telefono eta tabletetan eskaintzeko.Gaurtik aurrera, gailu eramangarrietan doan deskargatu ahalko da, Google Play eta App Store dendetan

urtzi urkizu
Donostia
2015eko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
BERRIAk argitalpen digital berri bat jarri du irakurleen eskuetan: Berria Astekaria. Asteko artikulu hautatuekin osatutako bilduma da Berria Astekaria aplikazioa; hau da, irakurri gabe utzi ezin diren artikuluekin. BERRIAren edukiak zabaltzeko modu berri bat eskainiko du. Astean argitaratutako artikuluen artean hautaketa bat egingo du egunkariak, eta gailu eramangarrietako aplikazio batean zenbaki berri bat jarriko du erabiltzaileen eskura.

Aplikazioa doan deskargatu daiteke dagoeneko Google Play eta Appleren App Store dendetan, bai telefonoetan, bai tabletetan. Horren garapena BERRIAlagunen ekarpenari esker egin da. BERRIAlagun izaten jarraitzea edo BERRIAlagun bihurtzea da modurik hoberena berrikuntza eten ez dadin.

Berria Astekarian asteko artikulu «ezinbestekoak» eskaini nahi dira. Alegia, bi aldiz irakurtzea merezi duten artikulu horiek: iritzi artikuluak, analisiak, elkarrizketak, kronikak edota erreportajeak. Diseinu erakargarri eta moderno batez aurkeztuta, era erraz batez jarri nahi dira irakurleen esku, nonahi eta eroso irakur dezaten.

Aplikazioa sakelako telefono edo tabletetan instalatuta, zenbaki berriak automatikoki kargatzen dira astero, ostiral goizetan. Zenbaki berria prest dagoenean, erabiltzaileak push jakinarazpen bat jasoko du bere gailuan horren berri emanez. Nahi izanez gero, jakinarazpen horretatik zuzenean ireki ahal izango du aplikazioa, zenbaki berria irakurtzeko.

Zenbaki bakoitzak artikulu kopuru mugatua eskainiko du (hamabi eta hogei artean), irakurleakbilduma erraz ikusi eta gogokoa aukera dezan, eta nahi duen unean era atsegin batez irakur dezan. Artikuluen aukeraketa ez du makina batek egingo, baizik BERRIAko editore taldeak, astero.

Artikuluak gailu eramangarrietan irakurtzeko diseinatuta daude, testua eta irudiak era orekatuan txertatuz. Bideoak ere ikusi ahalko dira artikuluetan. Artikulu batetik hurrengora hatza eskuin aldera irristatuz joan daiteke, eta ezker aldera eginez aurrekora itzultzeko.

Bilatzailea izango du

Artikulu guztiak partekatu ahal izango dira sare sozialen bidez edo posta elektronikoaren bitartez. Halaber, artikuluek esteka bat izango dute BERRIAren webguneko jatorrizko bertsioa ikusteko. Argitaratutako zenbaki guztiak gordeko ditu aplikazioak, eta edozein unetan izango dira irakurlearen esku. Artxiboak bilatzaile bat ere badu, edozein artikulu errazago aurkitzeko.

Aplikazioa tamaina gutxikoa da (5,5 megabyte). Erabilera aldetik, sinplea eta intuitiboa da. Dena den, BERRIAk laguntza teknikorako zerbitzu bat eskainiko du, edozein zalantza edo arazo bideratzen laguntzeko asmoz. Kontsultak [email protected] posta elektronikoan edo Whatsapp eta Telegramen bidez egin ahalko dira —zenbakia (0034) 687 48 97 73 da—. Txat bidezko laguntza astegunetan izango da, 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara —urriaren 16ra bitartean—.

Berria Astekaria aplikazioak eskuko telefonoetarako eta tabletetarako eskaintza osatu eta hobetzeko helburu nagusia du. Izan ere, oro har, gailu eramangarriak, baina batez ere telefonoa, gero eta denbora gehiago bereganatzen ari dira informatzeko orduan, pantaila handien kaltetan. Adibidez, Berria.eus webgunearen datuek erakusten dute gero eta handiagoa dela gailu eramangarrietatik egiten den erabilera.

Argitalpen eredu berri bat eskaintzen du aplikazioak, inguruan parekorik ez duena. Egunkari baten eduki bilduma hautatuak sortu eta aplikazio baten bidez irakurle guztien eskura jartzea. Erabilerak esango du zenbateraino izango den baliagarria eta gustukoa irakurleentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.