Jaiei lotutako formatu berri bat probatuko du uda honetan ETB1ek. Euskal Herriko festetan murgilduko dira egunero hiru aurkezle gazte; eta nabarmentzekoa da hiru aurkezle horiek atzerrikoak izango direla. «Dagoeneko, bi lotu ditugu: Poloniako Poznan herriko neska bat eta Argentinako Maria Blanca herriko mutil bat. Biek primeran egiten dute euskaraz. Argentinakoak euskal jatorria du, eta familia Ataunen», azaldu dio BERRIAri Pausoka ekoizpen etxeak. Beste gazte baten bila dabiltza orain: 18-28 urte bitarteko atzerriko gazte bat, euskaraz dakiena, eta udan Euskal Herriko festetan ibiltzeko gogoz dagoena. «Programa honekin, kanpotik nola ikusten gaituzten agertu nahi dugu», diote Pausokakoek.
Sanjoanetan hasiko dira programa grabatzen, eta ekainaren 25ean emititzen. Astero, lau herritan ibiliko dira aurkezleak, eta, gauero, herri bakoitzeko festari nota bat jarriko diote, 0etik 10era. Horrela, sailkapen bat egongo da, uda amaieran erabakitzeko Euskal Herriko festarik onena zein den. Astean lautan emitituko dituzte saioak, eta, astean behin, laburpen bat ere egingo dute. Guztira, berrogei jai eta berrogei programa izango dira.
Datozen egunetan hasiko dira saio berriaren aurreprodukzio lanekin, eta datorren astean zehaztuko du Pausokak lantaldea. Hirugarren aurkezlea falta zaie, eta azaldu dute «beharrezkoa» zaiela hori aurkitzea.
Programaren izena ez dute erabaki oraindik.
Komunikazioa
Atzerriko hiru gaztek jaietako saio bat aurkeztuko dute udan ETB1erako
Pausokak ekoitzitako saio berri hori ekainaren 25ean estreinatuko dute; astero, lau herritan ibiliko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu