Komunikazioa

Badator 2.0 greba orokorra

Zenbait ekintzailek webgune berezia sortu dute, eta Twitterren '#m29greba' etiketa erabiltzea proposatu

Irudian, martxoaren 29ko greba orokorraren alde Iruñeko Euskadiko Kutxaren bulego batean ezarritako kartelak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Aro digitalean sarturiko gizartean, iritsi da 2.0 greba orokorra. Herritarrentzat inoiz baino errazagoa da gerrilla informatiboetan parte hartzea eta edukiak Interneten jarri eta partekatuz grebaren berri luze eta zabal ematea. Dirudienez, dena ikusi eta jasotzen duten gailu mugikorrakizango dira pikete, langile eta herritarren arma eraginkorrenak.Eta metrailadorea ere prest dute: Twitter. Mikroblog sareak mezu laburrak bidaltzeko ematen duen aukerari esker, une oro hainbat tokitan gertatutakoaren berri izan daiteke denbora errealean. Herritarren aldetik inoiz baino informazio gehiago sortuko da era horretako protestan, dudarik gabe.

GO pikete informatiboa

Interneteko hainbat ekintzailek GO pikete informatiboa jarri dute martxan, datorren asteko greba orokorrari begira tokiko informazioa zuzenean zabaltzeko asmoarekin. Horretarako, GO berriemaileak kalera aterako dira, grebari buruzko informazioa Internet bidez mundura zabaltzeko. Greba egun osoan jasotako bideo, argazki eta albisteak plazaratzeko webgune berezi bat sortu dute: greba.euskalherrian.info.

Iritziak, informazioak, salaketak eta balorazioak zabaltzeko gune ireki bilakatu nahi dute webgunea; egitasmoak herritarren parte hartzea sustatu nahi du. Hala, Twiterren @grebaorokorra kontua sortu dute berriak zabaltzeko. Edukiak partekatzeko,#grebaorokorra etiketa erabitzea proposatu dute, grebaren aurreko egunetan, eta #m29greba erabiliko dute ostegunean bertan.

Horretaz gain, ekintzaileek bideo bat ere zabaldu dute, Youtuben eta Flickren bideoak eta argazkiak nola jarri eta etiketatu azaltzen duena. Eduki guztiei m29greba etiketa jartzea proposatzen dute, denak bilduta geldi daitezen.

Ez da lehendabiziko aldia halako egitasmo bat bultzatzen dutela. 2010eko greba orokorrean ere lan egin zuten GO pikete informatiboek, eta emaitza arrakastatsuak izan zituzten: webguneak 15.365 bisita izan zituen, eta 52 kronika utzi zituzten herritarrek. Gainera, GO telebistak 100-120 ikusle bitarte lortu zituen gauean. Sarean grebaren berri ematera deitu dute aktibistek, eta beharrezkotzat jo dute herritarrek sortutako eta antolatutako gerrilla informatiboa osatzea.

Eguzki irratiak saio berezia

Eguzki irratia Iruñeko irrati libreak ere programazio berezia eskainiko du martxoaren 29an, egun guztian Iruñerriko eta Euskal Herriko hainbat tokitan gertatzen den guztiaren berri emateko asmoz.

Goizeko zortzietatik ordu biak bitartean, informatiboak egingo dituzte orduro. Kalean zer gertatzen ari den kontatzeaz gain, gizarte eragileen iritziak ere jasoko dituzte. Arratsaldeko seietan greba egunaren laburpena eskainiko dute, eta eguneko datu guztiak bilduko dituzte.

Bilboko Irola irratia ere emanaldi berezi bat prestatzen ari da, grebako datuekin, mobilizazioen jarraipenekin eta elkarrizketa ezberdinekin.

Bilbo Branka egitasmoak eremanifestazio, mobilizazio eta protestetan parte hartu eta jarraipen zuzena egingo du bere webgunean. Momentuko informazioa, argazkiak eta bideoak zabalduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.