Urte berriarekin bat, goitik behera eraberrituta itzuli da Forum saioa. Albistegietako erredakziotik platora aldatu da Begoña Zubieta aurkezlea (Bilbo, 1959), David Barberoren lekua betetzeko asmoz. Kulturari dion zaletasunak bultzatuta, «pozik» ekin dio kazetariak aro berriari, eta saioa gizarteko «ahots guztiak» islatuko dituen leku kultural oparo bat izango delakoan dago. Forum elkarrizketa saioa ETB2n ematen dute, astelehenetik ostiralera, 10:15ean.
David Barbero ibilbide luzeko kazetaria da. Ardura handia al da haren lekua betetzea?
Ardura ikaragarria da, eta, halaber, amildegi bat. Barbero ikur bat izan da, ez soilik ETBn, baizik eta kazetaritzaren munduan. Ohorea da haren lekua betetzea, eta, proposamena egin zidatenean, apur bat pentsatu, Xabier Letek abesti batean dioen bezala asko ez badaezpada ere, eta baietza eman nuen. Aro berri bat da niretzat.
Saioa berrituta dator. Gai berriak landuko dituzue?
Forum gaztelaniaz egiten da, eta, beraz, leiho bat da kanpoko jende askorentzat. Baina nik Euskal Herrian egiten diren gauzak tartekatu nahi ditut. Orain arte, literaturak leku handia izan du, baina, orain, bertakoari ere ireki nahi diot lekua, bertako sorkuntzari. Bereziki ekintzaile gazteei, haiek egiten dutena gutxi ikusten baita komunikabideetan. Izena dutenentzat ez ezik, oraindik izenik ez dutenentzat ere tarte egokia izan daiteke saioa.
Egiturak berdin jarraituko du?
Ordu erdiko elkarrizketa bat izango da aurrerantzean ere, zenbait bideo labur tartekatuta. Baina Barberok estilo bat zuen, eta nik beste bat daukat. Bakoitzak bere izaera dauka, eta bere ukitua ematen dio saioari.
Zein da gizartean zabaldu nahi duzuen mezua?
Hedabide publiko batek herritar guztien ahotsak zabaltzeko bidea izan behar du. Ez bakarrik politikari dagokionez; baita bestelako alor garrantzitsuetan ere: artea, arkitektura eta abar. Iritzi horientzako leihoa behar du izan Forum saioak. Gainera, Euskal Herriko etorkizuna eratzen ari gara orain, eta nik uste dut kulturak zer esan handia izango duela bake prozesu horretan; alde horretatik, saioak bere ekarpena egin dezake.
Albistegia ixteko egiten zenituen erreportaje berezi haiek itzuliko ote dira?
Nik nire nortasuna daukat, baina kaleko rola ezin da gero plato batera ekarri. Norberak muga batzuk ditu, eta, neurri batean nire izaera islatzen den arren, beste neurri bat eskatzen du aurkezle izateak. Seriotasun handiagoa behar da, nolabait.
Elkarrizketa gordineko saio bat egitea erronka bat al da zuretzat?
Erronka itzela da, baina oso hunkituta nago genero horrekin. Gonbidatu bakoitza labirinto bat da, amaitu gabeko istorio bat. Gonbidatuak ateratzen duen gai batekin hasten da elkarrizketa, baina gero haria bihurrituz doa. Elkarrizketa bakoitza oso aberasgarria da.
Nor elkarrizketatuko zenuke gustura luze eta zabal?
Berpizteko gaitasuna banu, Jorge Oteiza. Dudarik gabe. Eta, bizirik daudenen artean, Nelson Mandela. Adineko pertsona bat da jada, eta bizipen ugari ditu kontatzeko.
Nafarroan, baina, zaila dute saioa ikustea.
Pena da; bereziki, Nafarroak lekua duelako bai Forum saioan eta bai ETBn. Bizi garen gizartean Nafarroan ETB ez ikustea pentsaezina da. Gure saioan, garrantzia emango diogu Nafarroari.
Nola ikusten duzu telebista publikoaren etorkizuna?
Ni ez naiz sartuko dauden istiluetan, baina argi dago zerbitzu bat ematen dugula eta eredu bat erakusteko ardura dugula hor gaudenok. Zaila da politika eta gizartearen arteko muga zehaztea, baina guk errealitatea islatu behar dugu. Etorkizunari begira, gure hizkuntza babesteak izan behar du ardatz. Forum gaztelaniazko saioa da, baina, hala ere, euskararen munduaz hitz egiteko tresna bat izan daiteke. Duda gabe, murrizketek hedabidearekiko morrontza areagotzen dute, eta askatasuna eta ilusioa gutxitu. Hala ere, uste dut hemendik urte batzuetara telebista publikoaren eredua guztiz desberdina izango dela, politikan izandako aldaketetatik haratago. Internetek boterea du; Eitb.com bera hazten ari da etengabe, eta lekua hartzen ari zaio ohiko telebistari.
Bukatzeko, zein helburu ezarri diozu zeure buruari aro berri honetan?
Egunero saioa ongi egitea da nire helburua. Oso perfekzionista naiz, eta produktu on bat eskaini nahi diet ETBri eta euskal gizarteari. Gizarteak nitaz kazetari gisa iritzi ona izatea nahi dut eta, bide batez, lagundu ETBren gaineko iritzi ona izan dezaten.
Komunikazioa. Begoña Zubieta. ETB2ko 'Forum' saioko aurkezlea
«Bake prozesuan kulturak badu zer esana; saioak egin dezake ekarpenik»
Bi urtez albistegietako erredaktoreburu izan ostean, 'Forum' saio eraberrituko aurkezlea da orain, eta ilusioz beteta ekin dio erronkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu