Hamahiru urteko bidea egin du telebista tradizionalean gazteentzako BBC Three kateak. Aste honetan amaitu ditu telebistako emanaldiak, eta aurrerantzean Internet bidez eskainiko ditu bere edukiak. Bai orain arte eskaintzen zituen saioak bai eduki propio berriak. Era berean, BBC Threek ematen zituen hainbat saio BBC One eta BBC Two kateetan ikusi ahalko dira.
Erabakiaren atzean arrazoi ekonomikoak daude, saldu nahi den moduan saldu nahi dela ere. «Hau esperimentu bat da», esan du BBCko Media eta Arteen arduradunak. Katearen publikoa,16-24 urte artekoa, mantendu egingo dela uste du BBCk. «Interneten baitaude gazte horiek guztiak». Edonola ere, Tony Hall BBCko zuzendari nagusiak duela urte bat esan zuen erabakiarekin taldeak 30 milioi libera aurreztuko dituela (38.657.700 euro).
BBCk Netflix eta Amazon Prime Interneteko zerbitzuak aipatu ditu, eta BBC Threeren eskaintza haiekin alderatu ditu. Dena den, BBC Threek aldi bakoitzean telesail baten atala jarriko du ikusleen eskura, eta ez atal sorta oso bat. Propio Interneterako sortuko dituzten eduki berrien artean Thirteen telesail dramatikoa izango da: Ivy izeneko gazte bat bahitu egin zuten 2003. urtean. Hamahiru urte geroago, familiaren babesera itzuliko da. Bahiketako urteetan zer gertatu den misterio bat da. Hori izango da telesailaren ardatz nagusietako bat. Thirteen ekoizpeneko aktore protagonistak Jodie Comer eta Aneurin Barnard dira.
Murrizketa gehiago, iristear
BBCren erabakia ez da izan ikusle guztien gustukoa. Jono Read ikusleak sinadura bilketa bat jarri zuen martxan, BBCri eskatzeko ez kentzeko gazteen kanala telebista eskaintzatik. 303.000 herritarrek baino gehiagok sinatu dute eskaera. BBCk berak webgunean sinadura bilketa aipatu du —gardentasunaren erakusle—. Sare sozialetan ere egin dute protesta ikusleek, #SaveBBCThree etiketarekin.
Izan ere, ez dira gutxi BBC Three kateko edukien zaleak. Iaz, animazioko Family Guy eta American Dad saioak BBC Three-tik ITV2 kate pribatura pasatu zituzten, eta milaka lagunek sinatu zuten katez aldatzearen aurka.
BBC Threerena izan da Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak hartu duen neurrietako bat, dirua aurrezteko. Baina ez da azkena izango. Datozen urteetan 630 milioi euro baino gehiago aurreztu nahi dituela esan du BBCko zuzendari nagusiak. Horretarako, irratiko eta telebistako sailek bat egingo dute, kudeaketa arrazionalizatzeko helburuarekin. The Guardian egunkariaren arabera, ehunka lanpostu kentzeko asmoa du BBCk. Arriskuan leudeke marketin eta komunikazio arloko lanpostu asko, baita talde tekniko eta ingeniaritzakoak ere. Rick Edmons komunikabideen negozioetako adituaren iritziz, taldea «gizentasun administratiboa» arintzen saiatuko da, gastuak murrizteko.
BBC Threek telebistako emanaldiak utzi ditu, eta Interneteko kate bihurtu
Gazteentzako kanalak eduki propioak izango ditu sarean.38 milioi euro aurreztuko ditu BBCk

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu