BBCko ehun langilek salatu dute Israelen alde egitera behartzen dituztela

Gutun bat plazaratu dute modu anonimoan, Erresuma Batuko telebista publikoa gogor kritikatuz. Kultura eta komunikazio arloko beste hirurehun pertsonak ere sinatu dute testua.

'Gaza: How to survive a War Zone' dokumentala. BERRIA
'Gaza: How to survive a War Zone' dokumentala. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 8a
10:55
Entzun 00:00:0000:00:00

BBCko kazetarien arabera, 2023ko urriaz geroztik telebista kateak Israeli eta Palestinari buruz argitaratutakoek ez dituzte betetzen komunikabidearen estandarrak. «Amildegi bat dago BBCk Gazan eta Zisjordanian gertatzen ari denaz egiten duen kontakizunaren eta gure publikoak ikus dezakeenaren artean». Hala diote Erresuma Batuko irrati-telebista publikoaren ehun langile baino gehiagok, modu anonimoan plazaratu duten gutun batean.

Errealitatea desitxuratzea egotzi diote langileek beren komunikabideari: «Jakin badakigu BBCren informazio eskaintza ez datorrela bat errealitatearekin. Telefono bat duen edonork ikusi ditu Gazako eta Zisjordaniako irudiak, baina BBC News albistegi zerbitzuak gai konplexua dela esanda nahasten ditu».

«Israel eta Palestinaren inguruko informazioari buruz BBCk hartutako erabaki editorial opakuen eta zentsuraren inguruan gure kezka adierazteko idazten ari gara», diote gutuna sinatu duten langileek. «Zentsuratutako» dokumental baten berri ere eman dute: gutunean salatu dute BBCk ez zuela onartu Gaza: Medics Under Fire dokumentala emititzea. Dokumental horrek hedabidearen politikak eta arauak betetzen zituela uste dute langileek; «erabaki politikoa» izan zen ez zabaltzea, gutunean diotenez BBC «beldurrak jota» dagoelako Israelgo Gobernuarekin kritiko agertzeko. 

Haur palestinarren dokumentala kendu zuten

Otsailean, beste gertakari bat izan zen BBCren dokumental baten bueltan. Telebista publikoak bere zerbitzutik kendu zuen Gaza: How to survive a War Zone dokumentala, argudiatuz narratzaileetako bat, 14 urteko mutiko bat, Hamaseko ordezkari baten semea zela. Erresuma Batuko zortziehun herritar esanguratsuk gutun bat sinatu zuten orduko hartan BBC kritikatzeko dokumentala kentzeagatik, eta berriro jartzea eskatzeko. Haien aburuz, haur palestinarrak nola bizi diren islatzen zuen dokumentalak, eta hori ezabatu izana arbuiatu zuten.

Orain argitaratu duten gutunean, berriz, langileek adierazi dute haien asmoa ez dela BBC alde batean edo bestean kokatzea, kazetariek «beren lana gardentasunez egitea eta berriak testuinguru egokian ematea» baizik. Auziari heltzean hutsune ugari daudela salatu dute BBCko kazetariek: «Erakunde gisa ez dugu analisi esanguratsurik egin Erresuma Batuko Gobernuak palestinarren aurkako gerran parte hartu izanari buruz. Ez dugu eman arma salmenten edo horien ondorio juridikoen berri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.