Belaunaldi berriko sareei buruz ezer gutxi esaten da, baina hurrengo urteetan berebiziko garrantzia izango duen zerbait da. Orain arte ezagutzen ditugun telefono eta telekomunikazio zerbitzuak 5-10 urteren bueltan —2020rako behinik behin— IP bidez —hau da, Internet bidez— garraiatzeko aukera emango duten teknologiak biltzen dituen izen zabal bat da.
Ez dugu gai teknikoan gehiegi sakondu behar, azpiegitura berri hauei esker orain arteko multimedia zerbitzuak integratzeko ahalmena izango luketela esateko. Internet bidezko datuak transmititzeko aukera dela eta beren artean komunikatzeko erraztasun handiagoak emango lituzketelako sare hauek.
Aldaketa honen garrantzia ez da teknologikoa bakarrik, askotan gertatzen den bezala. Internet bidez era naturalean elkar komunikatzeko aukera ematen duten zerbitzuak badaude, jada ez gaude telekomunikazio konpainiek sortutako sare berezituei guztiz lotuta. Tira, hori egia da sare propioak existitzen diren kasuetan.
Hori posible egiteko zenbait era daude. Goitik beherako bideak eta erabat pribatuak izan dira orain arte aukeratutakoak, baina orain aukera gehiago ere badaude. Sare hauek eraikitzeko behetik gorako bideak ere aukera daitezke. Herritarren eta erakunde publikoen parte hartzea beharrezkoa duten modeloak dira horiek, baina baita etorkizunari begira telekomunikazio sare autonomoagoak eta publikoagoak izateko aukera paregabeak ere.
Gaiaz hitz egiteko, datorren astelehenean Donostiako Informatika FakultateanRamón Roca (guifi.net-eko presidentea) izango da. Belaunaldi berriko sareetara jauzia azkartzen: Bottom-up Broadband ekimena azalduko du. Sare hauek gaur egungo sare-azpiegituretan eragingo duten aldaketan sakondu eta Europako agenda digitalean 2020rako zehaztutako helburuetara egokitzeko bide egokiena izan daitekeela azalduko du.
Gai tekniko hauek batzuetan urrun sentitzen baditugu ere, geroago jabetzen gara hauek gure bizitzan duten eraginaz: Interneteko sare sozialak, blogak, hedabide digitalak, musika eta filmen deskarga, sakelako telefonoen erabilera... Gai hau horietakoa da. Arrotz egiten bazaigu ere, behintzat erabakiak hartu behar dituztenek kontuan hartu beharreko horietakoa. Edo hori uste dut behintzat.
Komunikazioa. Irlen sarea
Belaunaldi berriko sareak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu