Bideojokoak

Beldurrezko bideojoko narratibo bat

A Film To Kill For ekoiztetxea Bizkaiko hainbat herritan ari da grabatzen 'Black Harbour' bideojokoa. Igandean amaituko dituzte filmaketak, Alonsotegiko hilerrian.

'Black Harbour' bideojokoa Bizkaian grabatu dute.
'Black Harbour' bideojokoaren grabaketa, Mundakan (Bizkaia).
urtzi urkizu
Bilbo
2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Ingalaterra Berriko (AEB) herri txiki bat, Halloween gaua. Mozorrotuta dauden pertsonaia batzuk gazte batzuen atzetik ibiliko dira. Bost gaztek hainbat abentura biziko dituzte handik aurrera, gauaren iluntasunean. Beldurrezko istorio bat da Black Harbour bideojokoa. Baina ez dago Ipar Amerikan grabatua, Bizkaiko hainbat herritan baizik. Mundakan, Leioan eta Kobetamendin (Bilbo) egin dituzte grabaketa gehienak, eta igandean amaituko dituzte, Alonsotegiko hilerrian. A Film To Kill For ekoiztetxea websailetan espezializatua dago, eta lehen aldiz ekin dio bideojoko bat egiteari. Oliver Mend eta Rose of Dolls dira zuzendariak. Azken horrek iragarri du abenduaren 31n egongo dela martxan bideojokoaren aplikazioa —App Store eta Google Play denda digitaletan egongo da eskura—.

Beldurrezko bideojoko narratiboa da Black Harbour. Fikzio interaktiboko ikus-entzunezko edukia da, eta berariaz sortu dute aplikazioa (Tokitek euskal start-up teknologikoa ari da horretan). Jokalariak erabakiko du pertsonaiekin zer gertatuko den, alegia. Rose of Dollsek azaldu du aspaldian zutela buruan proiektu interaktibo bat egitea. «Baina fikzioen mapa bat egiten hasi ginen, eta eromena izan da. Adibidez, jokalariaren erabakiak baldintzatzen du pertsonaia bat hil egingo den ala biziko den». Ondorioz, istorio paralelo ugari sortu beharra dago. Gidoiak laurehun orrialde baino gehiago ditu. «Gidoiari dagokionez, erronka handia izan da guretzat».

'Black Harbour' bideojokoa Bizkaian grabatu dute.
'Black Harbour' bideojokoaren grabaketetako bat, Mundakan (Bizkaia); adimen artifiziala erabiltzen duten kamerekin egiten ari dira grabaketak.

Bideojokoa gaztelaniaz izango da. Teknologia aldetik, baditu berezitasunak. Izan ere, Ronin 4D kamerak erabili dituzte. Kamera horiek adimen artifizialeko sistema bat dute, pertsonaien zenbait ikuspegi lantzeko eta jarraipen eta tracking funtzioa egiteko. Rose of Dollsek azaldu du kamerak, «beste funtzioen artean», enfoke automatikoa egiten duela, eta pertsonaiei jarraitzen diela. «Adibidez, pertsona baten aurpegian enfokea egin ostean, kamerak jasotzen du agindua pertsonaia horri jarraitzeko». Horrenbestez, kamera bera bakarrik mugitzen da, eta pertsonari jarraitzen dio, baita enfokatu ere. «Kamera hauekin, lan batzuk errazago egiten dira orain», gaineratu du bideojokoaren gidoilari eta zuzendariak. Aktore lanetan ere ageri da istorioan, sheriffarena egiten.

 

Aktore protagonistak honako hauek dira: Celia Fañanas, Izaskun Zubillaga, Juan Roca, Iñaki Torralbo, Irati Herreros eta Gabriel Ocina.

'Black Harbour' bideojokoa Bizkaian grabatu dute.
Rose of Dolls zuzendariak —autoaren aurrean— sheriffarena egiten du 'Black Harbour' bideojokoan.

Oliver Mendek, bestetik, aipatu du beldurrezko zinemaren zaleek gozatuko dutela bideojokoarekin: «Slasher zinemari eta John Carpenter eta Wes Craven bezalako zuzendariei egindako omenaldia da. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako beldurrezko zinemari egindako oda bat da gurea». Beldurrezko zinemaren zaleentzako hainbat keinu sartu dituzte istorioan. Rose of Dollsek gaineratu du argiztapena «magikoa» dela: «Gauean girotuta dago, koloreekin. Eta hor ere slasher klasikoen erreferentziak daude».

Zuzendariak gaineratu duenez, bideojokoan taldean jolasteko aukera egongo da. Izan ere, aplikazioan ikusten dena telebista konektatuetara bidaltzeko aukera egongo da. «Lagun artean jolastea oso dibertigarria da». Zuzendariak nabarmendu du erronka handia izan dutela gidoian eta antolakuntzan, eta postprodukzioan ere lan dezente izango dutela. «Ikusiko dugu istorio osoarekin airoso ateratzen garen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.