'Berria FM' saritu du Euskal Kazetarien Elkarteak

Ohorezko sarian, Martin Ugalderen ibilbideari egin diote aitortza. Euskal Kazetariak saria Luis Rodriguez Aizpeoleari eman diote

Maider Galardi F. Agirre kazetariak hiru urte daramatza Berria FM podcast feminista aurkezten. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak Euskal Kazetaritza Sariak eman ohi ditu urtero, eta aurten BERRIAren edukietako batek jasoko du garaikurretako bat: Maider Galardi F. Agirreri eman diote Kazetaritza Digitala-Narratiba Berriak saria, Berria FM podcasta gidatzeagatik.

Egunkariaren podcast feminista da Berria FM, eta laugarren sasoian da. Hilabetean behin kaleratzen ditu egunkariak saioak, asmo argiz: askotariko gaiak lantzea, begirada zorrotz eta feministaz, ertzetan jarriz atentzioa.

Galardi pozik mintzatu da jasotako sariaz: «Hiru urte hauetan egin dugun lanari, kazetaritza feministari eta BERRIAk hartu duen norabide feministari egiten zaion aitortza moduan hartu dut». Nabarmendu du «harrotasuna» sentitzen duela podcastaren proiektuarekin. «BERRIAk apustua egin zuen euskarazko lehen podcast feminista egiteko. Garai hartan ez zeuden hainbeste podcast, eta egun podcast feminista gehiago daude euskaraz; eskaintza zabalagoa da. Gu gure baliabideekin joan gara bidea eginez, ahal dugun moduan. Hiru urteren ostean, asko profesionalizatu da podcasten eremua, eta Berria FM hor tartean egotea eta saritua izatea pozgarria da; harrotasuna ematen du».

Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 8an egingo dute, Bilbon. Ekitaldi horri begira, Galardik «errespetu handia» duela esan du. «Sekulako ibilbidea duten sarituen ondoan egongo naiz egun horretan. Profesional handien ondoan saritu dute gure podcasta, eta urduri nago».

Saria dela eta, eskerrak emateko aukera baliatu du Galardik: «BERRIAri eta egunkariko lantaldeko kide feministei eskerrak eman nahi dizkiet, Berria FM proiektuan sinisteagatik, baita baldintzak jartzeagatik ere Berria FM-k iraun dezan. Elkarrizketetan eta erreportajeetan parte hartu duten bazterreko ahots guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiet». Kazetariak gogorarazi du proiektuaren hasieratik ertzetara begiratzea izan dela haien asmoa. «Lortu genuen pandemian podcastarekin aurrera egitea, lortu dugu elkarrizketa bat kartzela barnetik Itziar Morenorekin, baita gorputz disidenteak podcastean egotea eta gerrako gaiak ikuspegi feministatik ekartzea ere, besteak beste».

Ikusi gehiago:Berria FM podcasta

Ohorezko saria Ugalderi

Sarien barruan, Kazetarien Euskal Elkartearen eta Elkargoaren zuzendaritza batzordeak kategoria berri bat sortu du, lanbidearen barnean historikoki garrantzitsua izan den pertsonaia bat ohorez aintzatesteko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen garrantzia eta ibilbidea kontuan hartuta. Ohorezko sari hori aurrenekoz emango dute aurten: Martin Ugalde zenaren ibilbidea eta ondarea saritzea erabaki dute. «Euskararen defentsarako figura enblematikoa izan zen, azken urteetan Euskaldunon Egunkaria-ri lotuta. Egunkari horren sortzaileetako bat izan zen, eta haren itxiera modu traumatikoan jasan zuen», adierazi dute kazetarien elkargoak eta elkarteak.

Bestetik, Euskal Kazetariak saria Luis Rodriguez Aizpeoleari emango diote. Prentsa idatzian ibilbide luzea egin du Aizpeoleak: Egin egunkariaren lehen erredakzioan parte hartu zuen; El Diario Vasco-n aritu zen 1981etik 1989ra; eta 1989tik 2012ra, El País egunkariko Nacional saileko arduraduna izan zen. Euskal gatazka politikoaren aditu gisa, irratiko eta telebistako makina bat eztabaidatan parte hartu du azkeneko hamarkadatan.

Pablo Gonzalezi, bestetik, Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria ematea erabaki du epaimahaiak. Zazpi hilabete baino gehiago dira Gonzalez Polonian espetxeratuta dagoela, inkomunikazio erregimenean.

Floren Torrelledori eman diote Ibilbide Profesionalaren Saria; Ramon Bustamantek jasoko du Ingurumen kazetaritzari buruzko ataleko garaikurra; eta Maria Bartolomek, berriz, fotokazetaritzari eskainitako Juantxu Rodriguez saria.

EITBren ibilbideari egin diote aitortza, hari eman baitiote Pertsonaia edo Giza Instituzioa saria, sorreratik 40 urte igaro direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.