BERRIAk ez du papereko egunkaririk argitaratuko azaroaren 30ean

Greba orokor feministarekin bat egingo du lantaldeak, eta erredakzioak asteazkenean egingo du lanuztea.

BERRIAko greba feminista
Greba feministaren aldeko adierazpena, BERRIAko delegazio nagusian, aste honetan, Andoainen. BERRIA
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

BERRIA Taldeko langileek iragarri dute bat egingo dutela greba feminista orokorrarekin, eta, beraz, azaroaren 30ean ez dutela argitaratuko papereko egunkaririk. Kazetariak, diseinatzaileak, zuzentzaileak, harrerako arduradunak, publizistak, banatzaileak, komertzialak eta sustapen, kudeaketa eta administrazioko langileak batuko dira grebara, eta lanpostuen arabera antolatuko dituzte lanuzteak. Erredakzioko langileek grebaren aurreko egunean «itzaliko» dituzte ordenagailuak, eta administrazio arlokoek, berriz, ostegunean bertan.

Egunkariaren webguneko edukiari dagokionez, aurreratu dute hilaren 30ean grebaren inguruko informazioa besterik ez dutelako argitaratuko, eta gainerako albisteetan zerbitzu minimoekin arituko direla. Era berean, emakumeek arratsaldeko mobilizazioetan parte hartzeko aukera izan dezaten, gizonek euren gain hartuko dute azken orduetako lana. Bestalde, administrazioko langileek hilaren 30ean bertan egingo dute lanuztea; beraz, ezingo diete zerbitzua eman BERRIAlagunei eta bestelako bezeroei.

Bizkaiko, Gipuzkoako, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Hitza astekarietan ere «grebaren eragina» nabarituko da. Ohi bezala, ostiralean argitaratuko dira, baina, lanuztearen ondorioz, eduki gutxiagorekin.

Laneko erronkak

Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu duen lehenengo greba orokorra da azaroaren 30ekoa, eta «zaintza eskubide kolektiboa» da horren aldarrikapen nagusia. BERRIAko langileek azpimarratu dute kazetaritza arloan ere beharrezkoak direla halako erreibindikazioak, eta arrazoi bat nabarmendu dute lanuzteekin bat egiteko: «Sektorearen prekarizazio orokorra eragin zuzena izaten ari da gure eguneroko jardunean, osasunean eta bizimoduan».

Langileen arabera, BERRIA eta Euskaldunon Egunkaria aitzindariak izan dira parekidetasunaren aldeko politikak ezartzen. Hala ere, oraindik aurrerapausoak emateko bidean daudela gogorarazi du BERRIAko Berdintasun Batzordeak. Uxue Barrenetxea batzordeko kideak azaldu duenez, ezin da zaintzaren auzia ordutegi murrizketetan soilik laburbildu: «Talde giroa eta zaintza orokorra kontuan hartu behar dira. BERRIAn, egunero orokortasun horretatik lan egiten ari bagara ere, oraindik asko falta da egiteko». Lanketa «sakonago» hori aurrerantzean ere jorratuko dutela ziurtatu du.

BERRIAren barruan greba antolatzeko prozesua «polita» eta «goxoa» izan da Barrenetxearentzat, eta nabarmendu du harreman berriak sortzeko aukera eman duela. Izan ere, egin zuten lehenengo bileran Berdintasun Batzordeko, langile batzordeko eta greban parte hartu nahi zuten emakumezkoak bildu ziren. Ondoren, lantalde osoari helarazi zizkioten bilera horretan onartutako proposamenak, eta, gero, bozkatu egin zuten: grebak babes zabala izan du langileen artean. «Martxan gaude, gogotsu eta indartsu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.