Indarkeria matxistaren ondorioz 98 andre eta 11 ume hil dituzte 2003tik 2018ra. Urteko hilketen datuak ohikoak zaizkigu, baina kontagailua urte hasiera bakoitzean hutsean jartzeak zaildu egiten du metatuz doazen hilketa matxisten kopuruaz jabetzen. Horregatik, urteekin gero eta dimentsio handiagoa duen arazoa dela islatzeko, eta gatazka horren larria osorik erakusteko, webgune berezia jarri zuen martxan BERRIAk, iazko azaroaren 23an, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna baino bi egun lehenago.
Hilketen datuak mapa batean daude ikusgai, eta kasu bakoitzaren xehetasunak azaltzen dira hildako emakume eta ume bakoitzaren fitxan, mapako puntu bakoitzean klik eginda. Kontsultak ere egin daitezke, urtearen, lurraldearen edota adinaren arabera iragazkiak jarriz. Maite Mutuberria ilustratzaileak sortu dio azaleko irudia webguneari. Emakunderen babesa jaso du proiektuak, eta etorkizunean zabaltzeko eta indarkeria matxistari buruzko ikuspegi osoago bat emateko anbizioz sortu da. Webguneak 2003an du muga. Urte horretan sortu zen BERRIA, eta instituzioak ere garaitsu horretan hasi ziren feminizidioen datu ofizialak biltzen.
Argia sariak banatzeko ekitaldiaren berri ematen ari da Arantxa Iraola BERRIAko kazetaria: