Komunikazioa. Iker Zabala. Hamaika telebistako aurkezlea

«Beste hedabideetan lekurik ez duten gaiekin hutsuneak bete nahi ditugu»

'Bat eta bat' magazina aurkezten du Zabalak egunero, 20:45etik aurrera. Gertatzen denaren «ikuspegi ahalik eta pluralena» ematen saiatzen dira saioan, hainbat atalen bitartez.

BERRIA.
Maite Alustiza.
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Hamaika telebistako aurkezle eta erredaktorea da Iker Zabala (Bilbo, 1985). Telebista kateko hainbat saiotan aritu da lanean; halere, «zinemaren esparrua» du gustukoen. Orain Bat eta bat magazina aurkezten du, eta horrekin batera, Harrobia Athletic taldearen inguruko saioan ere parte hartzen du.

'Bat eta bat' saioko albistegian tokiko ikuspegitik nazionalera salto egin duzue. Nolakoa izan da aldaketa?

Berrikuntzen eremuan sartu gara orain Bat eta bat saioan. Hamaika telebista bere jaiotzatik saiatu da tokiko ikuspegi hori mantentzen, eta egia esan salto hori tokiko ikuspegia albo batera utzi gabe egin nahi izan dugu. Albisteak era zabalagoan lantzen saiatzen gara orain. Perspektiba eraldaketa bat dakar, bainagaiak era lokalean lantzen genituenean ere,ikuspegi nazionala ez genuen ahazten. Beraz, prozesu natural baten nolabaiteko burutzea izan da.

Denbora eta baliabide nahikoa al duzue gaiak landu ahal izateko?

Orain saio luzeagoa egiten dugu, eta horrek lan gehiago ere eskatzen du. Denborari dagokionean, gurea baldintzapenez josita dagoen hedabidea da. Lan talde txikia gara, eta horrek suposatzen du lana biderkatu egiten dela kide bakoitzarentzat. Bi urte daramatzagu antenan eta egokituta gaude telebistak eskatzen duen erritmo honetara, ohituta gaude horrela lan egitera.

Zerk egiten du berezi 'Bat eta bat' saioko albistegia?

Lehenik eta behin euskaraz dela. Eta horretaz gain, albisteak era nazionalean jorratzen ditugun arren, tokikotasuna ez dugula sekula ahazten. Tokiko esentzia ematen saiatzen gara gure albisteei. Gainera, gure albistegian azaltzen diren gaiak eta horien tratamenduak ez dira ohikoegiak, eta beste inon azaltzen ez diren gaiak izaten ditugu zenbaitetan, beste medioetan lekurik egiten ez dieten albisteak. Horrek ez du esan nahi interesa ez dutenik, beraz, hutsune horiek betetzen saiatzen gara gu.

Ostiraletan 'Albisteak 2.0' tartea eskaintzen duzue. Telebista eta Internet uztartzearen aldeko apustua da?

Patxi Gaztelumendiren eta Galder Gonzalezen proiektu pertsonala da Albisteak 2.0. Baina Hamaika telebistan telebistaz daukagun kontzeptuarekin oso ondo uztartzen da. Teknologia berrien inguruko saioa da, eta horrek modernotasuna dakar. Hamaika telebistak beti izan du interesa proiektu teknologikoekiko eta teknologia berrien inguru horrekiko. Gainera, magazinean gaiak konplexuak eta serioak dira askotan, eta freskotasun puntu bat oso ondo doakio programari. Ostiraletan izaten dugun tarte horrek asko aberasten du programa, beste perspektiba batetik lantzen duelako gaia.

Albistegia eta magazinea bateratzeak, zein abantaila dakar?

Hamaika telebistak hastapenetik egindako apustua da, ez baita ohikoegia albistegia magazinearen barruan ezartzea. Badirudi bi kontzeptu kontrajarri direla, baina guk hasieratik uste genuen bateragarriak izan zitezkeela. Albisteak protagonismoa hartu behar du, azken finean hori baita telebista baten funts nagusia. Baina, aldi berean, hori ere bateragarria da beste tonu batekin. Albisteak integratuta ditugu gure magazinean, eta horrek ere markatzen du gure nortasun zigilua.

Zein albiste ematea gustatuko litzaizuke gehien?

Dagoen testuinguru politikoarekin erlazionatuta dagoen zerbait gustatuko litzaidake. Oraintxe egingarria den heinean Sortu alderdiaren legalizazioa gustatuko litzaidake, adibidez. Beste gai batzuekin lotuta, Athleticek tituluren bat irabazi duela kontatu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.