EUROPAKO IRRATI-TELEBISTA PUBLIKOAK (VI): LETONIA

Bi hedabideak, bat egin gabe

Letoniako irratia eta telebista, erakunde autonomo gisa, biak arduratzen dira nazio barruko eta nazioarteko gertakarien ikuspegi osoa eta analitikoa emateaz.

LTV1 kate jeneralistak eduki guztiak letonieraz ematen ditu. Irudian, informazio saio bateko aurkezlea. JANIS SPIGOVSKIS.
Laura Lizuma
Riga
2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Baltikoko herrialdeetatik, Letoniak eman zuen, lehenengoz, telebista seinalea. Gaur egun, herrialde auzoen aldean, Letoniako telebista publikoak bakarrik eusten dio irratiarekiko administrazio distantziari. Batzuk beldur dira herrialdeak finantzaturiko hedabide monopolista horrek ez ote duen lortuko botere gehiegizkoa; beste batzuek diote baliabideak alferrik galtzen ari direla, monumentu arkitektoniko biei bere hartan eutsita. Letoniako irrati-telebistaren bat egitea, oraindik ere, plan politiko hutsa da, ezin zurituzko etorkizuna duena; baina enpresa biak ez dabiltza elkarren lehian, eta ez dute batzeko asmorik ere eskaintza komertzialari aurre egitearren. Biek ala biek, adjudikatua dieten aurrekontuarekin, beren jarduteko modurik onenean dihardute, eta elkarrekin banatzen eta erabiltzen dituzte beren sei kate publikoak; nazioko lehenak dira dagozkien merkatu mediatikoetan, informazioa irensteko eta berrikusteko mekanismoei eta formei dagokienez gero eta digitalagoak eta desberdinagoak diren herritarren ekimenez eta herritarrentzat berentzat egindakoak diren horietan.

Letoniako Telebista Publikoak bi kate kudeatzen ditu: LTV1ek programazio jeneralista dauka, oso-osorik letonieraz; LTV7k, berriz, publiko gaztearentzat dihardu, kirol saioak ematen ditu, eta, bigarren mailako katea denez, hainbat eduki errusieraz igortzen ditu. 2012az geroztik, telebistak kudeatzen du lsm.lv ataria; hau da, Letoniako bi hedabide publikoek emandako eduki analitikoa bateratzen duen plataforma.

Sei irrati publiko daude, eta irrati hedapen nazionalaren%30-40 hartzen dute: LR1 irratia letonieraz aritzen da, eta informazioa eta entretenimendu programak lantzen ditu. LR2k musika ematen du, eta kultura irratsaioak, letonieraz. LR3 musika klasikoan espezializatua dago, eta LR4k errusieraz ematen ditu edukiak; LR5 eta LR6 irratiek, berriz, gazteentzako programazioa daukate, eta Interneten ere jartzen dituzte ikus-entzunezkoen emankizunak. Horrez gainera, fonografia artxiboetan 200.000tik gora soinu erregistro ditu bilduak; hain zuzen ere, Letoniak eta letoniarrek denboraren joanean izandako ahots publikoa da benetan.

Bai telebistak eta bai irratiak Letoniako Estatuaren ekarpen zuzena darabilte finantzabide, zeina aurrekontuaren %60 baita. Ehuneko hori 20 milioi euro ingururi dagokio urtean, telebistaren (12 milioi) eta irratiaren (8 milioi) artean banatua. Gainerakoa babesleen eta publizitatearen bidez ordaintzen dute.

Akzio publikoen titularrak, Komunikabide Elektronikoen Kontseilu Nazionalak, izendatzen ditu zuzendaritza batzorde biak—bakoitza hiru pertsonak osatua—, eta harexek dihardu kontrol erakunde gisa ere, baliabideak adjudikatzeari eta monitore bidezko ikuskatzeei dagokienez. Gero, zuzendaritza batzorde bakoitzak banatzen ditu horiek, departamentuz departamentu, telebistako 450 langileren eta irratiko 280 enplegaturen artean. Telebistari dagokionez, albistegien departamentua da baliabide baliotsuetako bat; barne kudeaketa autonomoa du, alegia, ez zuzendaritza batzordeak eta ez estatuak ez dute inolako eraginik egungo informazioa hautatzeko, lortzeko, prozesatzeko eta igortzeko orduan. Albistegietan, gaur egun, 60 pertsonak dihardute, etaprêt-à-porter edukiak eskaintzen dituzte, labetik harako ogi bihurtuak diren munduko auzietan bertatik bertara aritu eta besteengandik lortutako informazioa bilduz.

Letoniako telebista publikoak, oro har, ekoizpen propioaren %55 betetzen du: gehienbat, albistegien, dokumentalen eta kultura saioen bidez. Telebistako zuzendaritza batzordeko presidente Ivars Beltek dioenez, kopuru eta kalitate aldetik, «izugarri» aurreratu da ekoizpen propioan: «Hiru urte hauetan, 60 marka berri sortu ditugu, lider gara goizeko programazioan, eta gure albistegiek ikuspegi ezinago analitikoa darabilte, eta ez diete ez galdera ezerosoei izkin egiten, ez esku hartze politikoei amore ematen. Atzerrian saltzen ditugu gure kultura dokumentalak, eta zuzeneko gure emisio seinalea ere gero eta harago eta gero eta maizago hedatzen ari da». Aipatzekoa da, halaber, zinema aretoetako filmei dagokienez, diru publikoari estuki lotua dagoela hein handi batean, eta telebista da ikus-entzunezkoen obra guztiaren erakusmahaia.

Oro har, taldeak bere kontura itzuli, azpidatzi eta bikoiztu ohi ditu saioak; arreta handiz zaintzen dute itzulpenen kalitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.