Informazio saio osatua izango du goizetan ETB2k astelehenetik aurrera. Albistegia, elkarrizketak, zuzeneko konexioak eta bi orduko eztabaida saio bat eskainiko dute astegunetan, 11:15etik 14:15era bitartean. Adela Gonzalez aurkezleak gidatuko du kazetariekin eginiko bi orduko eztabaida. Egun on, Euskadiordezkatuko du, saioa euskarazko katean ematen baitute iragan astelehenetik. Lehen ez bezala, ETB2ko goizeko informazio saioak ez du euskarazko izenik edukiko: ETB.Hoy da saioaren izena.
Bi zati nagusi edukiko ditu, eta Bilboko eta Donostiako egoitzen artean ekoitziko dute. Eguneko berriak gainbegiratuta hasiko dute, Bilbotik. ETBko albistegiek hartuko dute horren ardura, eta Olaia Urtiaga izango da aurkezlea. Egun on, Euskadi saioarekin bateratuko du lana kazetariak.
Vanessa Sanchezek hartuko du lekukoa jarraian. Kultura eta gizarte gaiei egingo die lekua Sanchezek elkarrizketen bidez. Jorge Oteiza artistaren heriotzaren hamargarren urteurrena dela eta, Gregorio Diaz Ereño elkarrizketatuko Sanchezek astelehenean. Oteiza museoko zuzendaria da Diaz Ereño. Hurrengo egunetan, We Are Standard taldekideekin hitz egingo du Sanchezek, disko berriaren aurkezpena dela eta. Horretaz gain, prostesta modu berriak eta finantzaketa kolektiboa izango dituzte hizpide datozen egunetan. Ez dira zuzeneko elkarrizketak izango, aurretik grabatuak baizik.
Vanessa Sanchezen elkarrizketaren ondoren Olaia Urtiagak hartuko du txanda berriro. Gaur-gaurko gaiei buruzko elkarrizketa egingo du Urtiagak, zuzenean. Normalean, politikari lotuak izango dira.
Bi orduko eztabaida saioa
Adela Gonzalezek gidatuko duen eztabaidak hartuko du saioaren bigarren zatia, 12:15etik aurrera. «Kazetarien bi orduko solasaldia izango da. Hainbat ideologia eta hedabidetako kazetariak bilduko ditugu», azaldu du Peru Fernandez de Ganboak, saioaren zuzendariak. Lau kazetari gondidatuko dituzte saiora. Asteleheneko solaskideak Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria, Olatz Barriuso El Correo egunkariko kazetaria, Javier Vizcaino Onda Vasca irratiko kazetaria eta Josean Izarra El Mundo del País Vasco-ko zuzendaria izango dira. «Pil-pilean dauden gaiak hartu, eta horiei buruz eztabaidatuko dute».
Euskal Herriko gaiei emango diete lehentasuna. «Euskal politika eta ekonomiako gaiak ekarriko ditugu». Halere, eztabaidak luze joko duela gogoratu du saioko zuzendariak, eta, beraz, albistegietako gai garrantzitsuenak aztertuko dituzte, nazioartekoak barne.
Gainera, une oroko informazioa emango dute saioan, zuzeneko konexioekin. «Africa Baetarekin bat egingo dugu, eta Teleberri-n jorratuko dituzten berriak aurreratuko ditu». Datorren astean Nafarroako Parlamentuan egongo dira, gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura mozioaren berri emateko.
ETB2ko eguneroko programazioan lehen izaten zen haustura saihesteko aukeratu dute kateko arduradunek saioa 11:15ean hastea. «Orain, ETB.Hoy hasten denetik iluntzera arte programazioa osatua dugu». Eztabaidaren ondoren, Robin Food saioa eta albistegia emango dute, eta, horrela, arratsaldeko programazioarekin lotuko dute goiza.
Goizeko ordu horietan ikusle kuota eskasak ditu ETB2k. «Hori da gure erronka; gainontzeko kateen audientzien pare jarri nahi dugu goizetan».
Komunikazioa
Bi orduko eztabaida izango du 'ETB.Hoy' informazio saioak
Astelehenean estreinatuko dute ETB2ko goizeko informazio saioa; hiru ordu iraungo du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu