Karrikaluze elkarteak duela egun batzuk Bi Puntu Zero euskarazko aldizkaria jarri du martxan, Atarrabiako (Nafarroa) euskaldunentzako hiruhilabetekaria. Aurreneko zenbakia argitaratu ostean ekainean bigarren bat aterako dute. Hortik aurrera, hiru hilean behin argitaratuko da.
Xuka hilabetekaria desagertu ostean, haren ordezkoa izango da Bi Puntu Zero. Karrikaluzeko kideek iragarri dute «edukiz zabalagoa eta landuagoa» izango dela.
Elkarteak dio bazkide, begirale, erabiltzaile eta kolaboratzaileei esker egingo dutela aldizkaria. «Gure asmoa da, gainera, horien guztien parte hartzeaz edukiak osatzea. Elkarlana, ideiak trukatzea, proposamenak egitea... Hori eskatzen diegu haiei eta irakurleei ere».
Bi Puntu Zero-ren bitartez, irakurleek Karrilaluzeren ekintzen berri izango dute. Horrez gain, Atarrabian gertatzen denak lekua izango du aldizkarian.
Aurreneko zenbakian Nafarroako konkistari buruzko erreportaje bat irakur daiteke. Bestetik, Joxerra Gartzia irakasleak euskararen inguruko gogoeta egingo du zenbaki guztietan. Musikak ere tartea izango du beti, Eneko Anduagaren eskutik.
Azkeneko orrialdeetan, horoskopoa, errezetak eta lehiaketak izango dira.
Proiektu aldaketarekin garai berrietara egokitu nahi du Karrikaluzek. «Gure elkartearen irudia soinean darama folklorearen zama. Eta guk nahi duguna da horretaz harago proiektatzea. Izan ere, euskara ez da folklorea soilik». Irudi berritzaileagoa eskaintzeko asmoa dute orain.
Komunikazioa
'Bi Puntu Zero' aldizkaria sortu du Karrikaluze elkarteak Atarrabian
Hiruhilabetekari berriak 'Xuka' ordezkatuko du, «eduki zabalago eta landuagoekin»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu