Bilboko 'Berton' aldizkariak argitaratzeari utzi dio

Lantaldea eta kolaboratzaileak 'Uriola.eus' ataria indartzen saiatuko dira. Gaur arratsaldean agur jaia egingo dute, Karmelan

Berton aldizkariko lagunek Uriola.eus atarian idatziko dute, hemendik aurrera. IÑIGO AZKONA.
urtzi urkizu
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Hogei urte ez dira ezer», dio Carlos Gardelen tangoak. Baina hogei urtean lan handia egin daiteke euskarazko kazetaritzan. Baita proiektu asko aurrera eraman ere. Hogei urte emankor izan dira Bilboko Berton aldizkariarentzat, baina paperean argitaratzeari uztea erabaki dute. Askotariko arrazoiak izan dituzte erabakia hartzeko, baina ez soilik ekonomikoak, Lur Mallea koordinatzaileak argitu duenez: «Hedabideek krisi larria bizi dute. Krisi ekonomikoa luze doa, eta gogor jo ditu aldizkari txikiak zein handiak. Askoz ahulagoak dira euskaraz lan egiten duten hedabideak». Horiek horrela, Malleak uste du herritarren babesa eta bultzada «ezinbestekoak» direla. «Herritarren babesik gabe ez dagoelako ez Berton, ez Uriola, ez Argia, ez BERRIA».

Berton-en zenbaki berririk ezingo da irakurri. Baina aldizkarian idazten zutenek ez dute luma gordeko. Uriola.eus atarian jarriko dituzte ahaleginak, hemendik aurrera. Duela lau urte sortu zuten Uriola.eus, hainbat hedabide, eragile eta herritarrekin batera. «Bakarka kostata egiten den bidea taldean eta sarean egitea emankorragoa dela sinetsita gaude. Tokiko informazioa euskaraz auzolanean eta sarean lantzea xede du atariak, euskaraz Bilbon bizi diren eta bizi nahi dutenen topagune izateko». Malleak ohartarazi du Uriola hasi baino ez dela egin: «Asko du egiteko; besteak beste, zabaltzea eta indartzea. Horretarako sortzaileak, kolaboratzaileak, laguntzaileak, aholkulariak eta iragarleak behar ditugu». Internet bidezko hedabidea den arren, etorkizunak askorako eman dezake Mallearen ustez. «Nork daki, egun batean Uriola-tik ez diren Berton berriak sortuko».

Begoñako errepublika

Berton aldizkariaren amaiera ez dute hileta gisa planteatu, eta gaur arratsalderako agur jaia antolatu dute, Karmelan —Karmelo ikastola zaharrean—. Hogei urteotan bidaide izan dituzten lagunak elkartu nahi dituzte: aldizkariko taldekideak eta taldekide ohiak, irakurleak, harpidedunak, kolaboratzaileak, babesleak eta Mahatserriko elkarteetako lagunak. Musika, bertsoak, antzerkia eta jan-edana izango dituztela iragarri du Malleak: «Denetik izango da. Agur jai xumea eta hunkigarria izango delakoan gaude. Ea lortzen dugun denon artean barnean dugun tristura alaitzea».

Urteotan, aldizkarian lanean aritu direnak ahaztutako hamaika istorioa berreskuratzen saiatu dira, Begoñako errepublika zaharreko kontuak biltzen eta hamaika elkarteren lanari ahotsa ematen. «Betiere euskaraz, betiere auzolanean». Erdi galduta zeuden kontzeptuak berreskuratzen ere lanean aritu dira aldizkariko bultzatzaileak. «Begoñako errepublika zaharra, mahatserri edota mahatsorri kontzeptuak galtzekotan ziren, eta horiek landu ditugu», azaldu du aldizkariko koordinatzaileak. «Historia hurbila gogoratu eta berreskuratzea izan da Berton-en helburu nagusietako bat, batez ere belaunaldi berriek guztiz ezezaguna dutena. Zeregin horretan bete-betean asmatu dugula iruditzen zaigu». Mahatserri inguruan mahasti eta txakolin ugari egiten zen, eta hortik ezizena. Artxanda menditik Bilboko itsasadarraraino doazen hamabi auzo biltzen dira bertan. Auzo horien guztien informazioa eman du urteotan aldizkariak.

Mallearen aburuz, Berton erreferentzia izan da askorentzat:«Eskola beste askorentzat. Auzora gehiago lotzeko bidea edota gure lehenaldia eta oraina ezagutzeko bitartekoa». Aldizkariaren 215 zenbaki argitaratzeaz gain, Mahatserriko baserri eta eraikin zaharren bilketa lana egin dute, hainbat liburu argitaratu dituzte, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean aritu dira Oroimena gatibu erakusketan eta iaz Orue txalet-kartzelaren jardunaldiak antolatu zituzten.

Berton-eko lagunek irakurleei deia egin diete Uriola.eus atariaren laguntzaile egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.