Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian Kantar Media enpresa arduratzen da telebistako ikusle datuak neurtzeaz eta bezeroei emateaz. Orain arte etxe batean bizi zirenen datuak argitaratzen zituzten soilik, bisitariak aintzat hartu gabe. «Etxeetako gonbidatuen kontsumo datua ere neurtzen zuten audimetroek, baina datu hori ez zen jakinarazten, telebista kateek ez zutelako baimena ematen. Gaurtik aurrera, gonbidatuen datuak ere argitaratuko dira», azaldu du Cesar Chaconek, Kantar Mediako nazioarteko marketin eta komunikazio managerrak. Enpresa bereko iturrien arabera, audimetro bakoitzean gehienez bederatzi gonbidaturen kontsumoa hartu ahalko da aintzat. Izan ere, hainbat atari digitalek aurreko egunetan argitaratu dute tabernetako kontsumitzaile kopurua 99koa izan zitekeela, baina hori gezurtatu egin du enpresak.
Merkatu ikerketa batzuen arabera, sistema horren eraginez telebista kontsumoaren kopurua %6-8 inguru haz daitekeela iragarri dute. Izan ere, etxe batean futbol partida bat edo bestelako emankizun bat ikusteko biltzen diren guztiak kontatu —bederatzi gonbidatu arte—, eta horren berri emango dute aurrerantzean Kantar Mediaren neurgailuek. Espero izatekoa da tabernetako kirol emankizunen ikusle datuak ere handitzea.
Sistema berriaren alde azaldu dira Mediaset taldea —Tele5, Cuatro...— eta Movistar+ ordainpeko plataforma. Atresmedia taldea—Antena3, La Sexta—, aldiz, aurka azaldu da, nahiz eta futbol emanaldi garrantzitsuak eskaintzen dituen. BERRIAk EITBri galdetu dio sistema berriaz, baina irrati-telebista publikoko iturriek adierazi dute ez dutela gaiaz hitz egingo. Hainbat atari digitalen arabera, FORTA telebista eta irrati autonomikoen federazioa sistema berriaren aurka dago.
440 neurgailu
Hego Euskal Herrian, Kantar Mediak 440 neurgailu ditu jarriak. Adituen arabera, soziologikoki eta hizkuntzaren aldetik ondo aztertzen dute zein etxetan jarri, eta datuak fidagarriak izaten dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 350 neurgailu daude.
Nafarroan 90 aparatu daude, baina Espainiako zenbait autonomi erkidegotako aparatuetako datuekin batzen dituzte —telebista autonomikorik ez dutenekin—, eta, horrenbestez, Nafarroako datu zehatzik ez dute inoiz ematen.
Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako aparatuak batuz gero, orotara 4.625 audimetro daude. Aparatu horiek adierazten dute etxeko zenbat pertsona ari diren saio bat ikusten eta zenbat denboraz. Badira esaten dutenak neurgailu horietatik ateratzen diren datuak ez direla fidagarriak. Edonola ere, telebista kateek datu horien arabera hartzen dituzte programen inguruko erabakiak. Telebista publikoek ere bai.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan —baita Korsikan eta Frantzian ere— , Mediametrie enpresa arduratzen da ikusle datuak neurtzeaz eta argitaratzeaz. Datuak astero argitaratzen dituzte www.mediametrie.fr webgunean. Otsaileko datuen arabera, TF1 kateak du estatu osoan ikusle gehien (%19,3ko kuota), eta 6,7 puntu atera dizkio France2 kate publikoari. Datuak lortzeko, 4 urtetik gorako 11.564 herritarren kontsumoa hartzen dute aintzat. 5.001 audimeto dituzte etxeetan, Kantar Mediak baino 376 gehiago.
Bisitariak ere kontatuz
Telebistako ikusle datuak neurtzen dituen Kantar Media enpresak sistema berri bat estreinatuko du gaur, etxeko eta tabernako bisitariekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu