Komunikazioa. Enrique Meneses. Freelance kazetaria

«Bizirik irauten ez dakiena has dadila beste zerbaitetan»

Dirurik gabe baina «ilusio handiz», Utopia TV Internet bidezko telebista jarri du martxan Menesesek, kazetari lagun batzuekin batera.

urtzi urkizu
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Espirituz eta jokabidez gaztea da Enrique Meneses (Madril, 1929). Freelance kazetari gisa 62 urte daramatza. Soilik bi urtez aritu zen nominan, 1950eko hamarkadan. Ekialde Hurbileko eta Indiako berriemaile, TVEko hainbat saioren sortzaile (A toda plana, Los Aventureros, Robinson en África...), haren argazkiak munduko aldizkari garrantzitsuenek argitaratu dituzte, tartean Life eta Paris-Match. Teknologia berrietara egokitu, eta sariak jaso ditu bere blogarengatik. Twitterren, @emenesesm da haren kontua. Gaur Bilboko Alondegian hitz egingo du, 19:00etan.

Zer esaten diezu gomendio eske etortzen zaizkizun kazetari gazteei?

Nire etxera Unibertsitate Konplutentseko ikasle ugari etortzen dira, gehienak oso galduak. Esaten didate ezin dutela hau edo bestea egin dirurik ez dutelako. Azaltzen diet bizitzan balio duena ez dela dirua, ideia baizik. Okerra da pentsatzea atzetik dirutza behar duzula. Soitu.es desagertu zenean, Sindo Lafuenteri esan nion ea nola okurritzen zitzaion banku bati dirua eskatzea. Garaje batean hasi behar zuten, diru gutxiagorekin.

Bitarteko ekonomiko gutxirekin sortu duzue Utopia TV.

Horrelako telebista bat sortzea ez da pentsatzen den bezain garestia. Nire etxeko komuna erabili dugu makillatzeko, eta liburutegia fokuak jartzeko. Txanpon bat asmatu dugu, jendeari ordaintzeko: pitxulinak. Urriaren 15ean Europako hainbat hiritako manifestazioen irudiak izan genituen, kolaboratzaileei esker (40 kolaboratzaile ditugu). Solen webcam bat ere jarri genuen. Zergatik pentsatzen du jendeak bizitzan ezin dela ezer egin diru asko izan ezean? Kazetarion lana iraupen kontua da. Bizirik irauten ez dakiena has dadila beste zerbaitetan.

Europatik kanpoko berriak ere emango al dituzue?

Bai, baditugu telefono inteligenteak dituzten berriemaile gazte batzuk hainbat hiritan. Aurrekoan, esate baterako, Tunisiako hauteskundeen berri eman genuen. Kontuan hartu behar da Tunisian aurreko neguan izan ziren gertakariak oso garrantzitsuak izan zirela eta gerora beste herrialdeetan eragina izan dutela.

Azaroaren 11n hasiko ditu ofizialki emanaldiak Utopia TVk. Zer emango duzue?

Munduan gertatzen dena kontatuko dugu. Ez dugu telebista itxi bat egin nahi, jendaurrean baizik. Nola egingo den erakutsiko dugu. Jendeak parte hartzea nahi genuke. Ez dugu bihotzeko prentsarik eta futbolik eskainiko. Aldiz,gauza interesgarriez hitz egingo dugu, eta ahotsik ez duenari ahotsa emango diogu.

Internet ez da arrotza zuretzat. Badira hamar urte blog bat duzula.

Bai. Nik ez dakit batzuk zer garaitan bizi diren. Master batean galdetu genuen ea zenbatek zuten blog bat, eta oso gutxik altxatu zuten eskua. Ez dut ulertzen. Twitter eta Facebooken ere baditut kontuak. Jendea ez da konturatzen ari sare horiekin bitartekariak desagertzen ari direla. Bitartekariak oso kaltegarriak dira, ez bakarrik komunikazioan, nekazaritzan eta beste alorretan ere bai. Gazteek freelance izan beharko dute, gero eta gehiago. Eta horiona da, nahi duzun erreportajea egiten duzulako.

Aurreneko erreportajea egin zenuenetik mundua aldatu egin da, baina lan egiteko gogoa ez zaizu amaitu, ezta?

17 urte nituen lehen erreportajea egin nuenean. Manoleteren heriotzaren berri ematera bidali ninduten, Linaresera. 150 pezeta ordaindu zizkidaten, eta taxia 450 pezeta kosta zitzaidan. Gero, berehala konturatu nintzen argazkilaritza ikasi behar nuela, argazkiak ez baitu hizkuntz itzulpen beharrik. Unibertsitateko kazetaritzak ez du ezertarako balio: kalean ikasten da. Ekialde Hurbilera joan nintzenean, munduko argazkilari onenekin egon nintzen, eta asko ikasi nuen.

Argazkiak saltzeko, agenteak izan dituzu Londresen, New Yorken eta Alemanian. Zergatik utzi zenituen?

Saldutako argazki bakoitzagatik %50a eramaten zuten. Duela zortzi hilabete esan nien amaitu zirela bitartekariak. Orain nire blogaren bitartez saltzen ditut argazkiak; Flickr-en jarrita dauzkat. Argazki ezagunenak Che Guevararekin eta Fidel Castrorekin egindako Sierra Maestrako igoerakoak dira. 1963. urtean Paul Newmani egindako argazki batzuk saldu dizkiot New Yorkeko aldizkari bati. Berehala egin zidaten ordainketa, bitartekaririk gabe. Kanadako telebista batek berriki Fidel Castrori buruzko argazki batzuk erosi dizkit.

Zein bertute behar dira kazetaritza lanean?

%70ean, saiatua izatea da kontua; %20 profesionaltasuna da, eta %10, zortea. Pazientzia izan behar duzu, lan egin, eta hortik etorriko da gainerakoa. Ikerketa kazetaritza niretzat zoragarria da, abentura tartean dagoelako. Baina Nintendoaren belaunaldi honek ez dakit hori ulertu duen. Amaren gonapean erosoegi bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.