Vicent Sanchis. TV3ko zuzendaria

«Bizkorrago erreakzionatu behar dugu; hasi gara horretan»

Martxoaren 13an izendatu zuten Sanchis Kataluniako telebista publikoko zuzendari. Parlamentuan, Junt Pel Siren babesa jaso zuen soilik. TVCk erronka zailak dituela esan du.

ELOI CODINA / TVC.
urtzi urkizu
2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Ramon Lull Unibertsitatean Komunikazioan doktorea da Vicent Sanchis (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1961). Hainbat komunikabidetako zuzendaria izan da: Dieciseis, El Observador, Avui, Time Out Barcelona, Barça TV, El Temps... Omnium Culturaleko presidenteordea izan zen, 2008tik 2015era. TVCko —TV3 da kate nagusia— zuzendari karguan, lehen asteak «intentsitate handikoak» izan direla dio, «onerako eta txarrerako».

Kataluniako Parlamentuaren gehiengoak zure izendapena errefusatu zuen apirilean. Nola bizi izan zenuen egoera hura?

Parlamentuak berak araudi bat du onartua, eta gertatu ziren gauza batzuk legearen espirituaren aurka doaz. Parlamentuak nahi duenaz eman dezake iritzia, baina paradoxa bat da parlamentuak bere legeak ez betetzea. Hedabideen korporazioko kontseiluak baditu irizpide batzuk, badu autonomia erabakiak hartzeko, eta, talde politiko batzuek TVCren despolitizazioa eskatzen badute, ez da ulertzen beste joko politiko hori. Paradoxikoa izan zen.

Zer ideia dituzu Kataluniako telebista publikoa hobetzeko?

TV3k ikusle datuak hobetu behar ditu. Hirugarren tokian dago, Tele5ren eta Antena3en atzetik. Joerari buelta eman nahi diogu, baina miraririk ez dago. Ahaleginak eta baliabideak jarri behar ditugu joera aldatzeko.

Nola lor daiteke hori?

Indartsu eta ausart jokatu behar dugu. Hanka sartzen badugu, berehala zuzendu behar dugu. Ditugun mugekin eta baliabideekin, funtzionatzen duena bilatu behar da. TV3n lanean ari direnek badakite hori ez dela hain erraza.

Zenbait eremutan diote TV3k independentziaren alde doktrinatzen duela. Zer diozu?

Txiste gisa, ondo dago. Azkeneko inkesten arabera, herritarren %45k dio independentzia dela aukerarik onena. Ditugun ikusle datuekin, harrigarria dirudi beste kateak ikusten dituztenek TV3 ikusten dutenek bezala pentsatzea. Eskolak ere doktrinatzen dutela diote, eta adin batetik gorakoek dute independentziaren aldeko sentimendurik indartsuena. Nik sinesten dut jendea heldua dela, eta TV3n ahalik eta kalitate handieneko produktuak eskaintzen saiatzen gara, zerbitzu publikoa lehentasuntzat izanda. Ikusleak helduak dira, nahiz eta zenbait analistak esan jendea erraz doktrinatu daitekeela.

Teknologia berrien bidez nola erakar ditzakezue hartzaileak?

Egun, dagoeneko, jende asko dago telebista konbentzionala ez duena ikusten, eta edukiak gailu eramangarrietan ikusten dituena. Audientzia berri gehiago dago, konbentzionala baino. Hor dago arrakasta digitala. Crackòvia umore saioaren bideo batek milioi eta erdi bisita izan ditu. Gazte askok ikusten dute TV3 gailu eramangarrietan. Interneteko bisitetan beti gara liderrak, baina hori ez da aintzat hartzen. Errealitate bat denez, gehiago landu behar da. Ez da arrotza guretzat.

Merli telesaila mundu osoan ikus daiteke Netflix bidez, eta Nit i dia AEBetan ikusiko da. Fikzioa egitea inbertsio ona da?

Bai, kontua da garestia dela. Beste batzuek baliabide gehiago dituzte, aukera gehiago. Kataluniako ekoizpen etxe batzuek oso ondo egiten dute lan nazioarteko merkatuetan. Lehen pausoa norbaitek ekoitzi behar du, eta pauso hori garestia da. TV3 irits daitekeen tokiraino irits daiteke. Generalitatearekin elkarlanean lan egiteko asmoa dugu fikzioan.

Zein beste apustu egingo zenituzke TVCrako aurrera begira?

Ideia lehiaketa bat antolatzen denean, festa bihurtzen da ideia asko daudelako. Talentu asko dago. Aurten Joc de cartes gastronomia saioa jarri dugu martxan. %14-15eko kuotaren inguruan ibili da, eta datorren urtean jarraitzea nahiko nuke. Ideia onak aurrera eraman nahi ditugu. Bizkorrago erreakzionatu behar dugu, enpresa pribatuek egiten duten moduan. Hasi gara horretan. Zerbaitek funtzionatzen duenean, benetan ustiatu behar dugu, eta, zerbaitek funtzionatzen ez duenean, bertan behera utzi.

Katalunia independentea balitz, zer aldatuko litzateke TVCn?

Datorren herri berriak telebista publiko indartsua beharko du. Hizkuntzarekiko erronkek jarraituko dute. Hizkuntza indartsuagoen aurrean, katalana sustatzen jarraitu beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.