Blai gazte telebistak 'Hutsa eta Doblea' saioa estreinatuko du gaur

Aktualitatea ikuspegi kritikoz eta umorez landuko dute. Esketx laburrak ere tartekatuko dituzte

Hutsa eta doblea umorezko albistegiaren aurkezleak. BLAI GAZTE TELEBISTA.
urtzi urkizu
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 14an estreinatu zuen Blai gazte telebistak bere aurreneko saioa —Mahai Gainera—. Gaur, berriz, bigarrena iritsiko da: Hutsa eta Doblea. 20:00etan ikusi ahalko da Topatu.eus atarian zein Blairen Youtubeko kanalean. Aktualitateari ikuspegi kritikoz eta umorez begiratuko dio programa berriak, late night estiloko saioen estilora.

Umorezko albistegi bat egiten ahaleginduko direla iragarri du Maddi Ane Txoperena Blai telebistako kideak: «Albistegi baten itxuran, bi neska-mutil gazte ariko dira saioa aurkezten, eta, tartean, esketx laburrak ere ikusi ahalko dira».

Aurreneko saioaren estreinaldian, Euskal Herriko hainbat herritan proiekzioak egin zituzten. «Saio honetarako ez dugu deialdi berezirik egin, baina, hala ere, saioak elkarrekin ikusteko deia zabaldu nahi diegu gazteei. Elkarrekin momentu goxo bat pasatzeko aukera emango du», gaineratu du Txoperenak.

Bilboko KRML espazio autogestionatuan grabatu dute Hutsa eta Doblea-ren aurreneko atala. Blaiko kazetariak nabarmendu du baliabide materialetan dituztela zailtasunik handienak: «Daukagunarekin eta ahal dugun bezala egiten ari gara guztia. Horrek badauka bere xarma: baliabide mugatuez kontziente izanik, horren barruan ahal duguna egiten saiatzeak». Topatu.eus atarikoek utzi dizkiete kamerak eta fokoak. Era berean, Mahai Gainera saioa Hernaniko gaztetxean grabatu dute.

Aurreneko saio horrek izandako harrerarekin gustura daudela esan du Txoperenak: «Beldur pixka bat bagenuen, espektatiba handiak sortu genituelako estreinaldirako egindako kanpainarekin, baina jende gehienak esan digu saioa gustatu zaiola». Saioak 3.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu. «Saioa xumea izan arren, gazte telebista abiatu izana bera eta drogaren gaia mahai gainera atera izana baloratu du jendeak gehienbat. Gu ere pozik gaude egindako urratsarengatik. Orain, horrekin jarraitzea eta eduki berriak sortzea izango dugu erronka».

Txoperenak iragarri du ikusleek datozen asteetan «gozatzeko moduko ezustekoak» topatuko dituztela telebistan. Udaberrian, gainera, hirugarren saio bat estreinatuko dute, musikari gazteekin egindakoa. Proiektu irekia dela nabarmendu nahi dute Blaiko lagunek. Parte hartu nahi dutenek [email protected] helbide elektronikora idatzi behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.