Bustitzeko prest iritsi da Blai telebista

Hilaren 14an estreinatuko du lehen saioa Blai gazte telebistak. Youtuben eta 'Topatu'-n ikusi ahal izango da; biharamunean, Hamaikan

Blai gazte telebistaren aurreneko saioa Mahai-gainera izango da. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Gazteen telebista bat jaioko da hilaren 14an, Internet bidezkoa. Blai gazte telebistak egun horretan jarriko du sarean bere lehen saioa, Youtubeko kanalean eta Topatu.eus atarian. 20:00etatik aurrera ikusi ahalko da Mahai-gainera izeneko mahai ingurua. Hamaika telebistak, gainera, hurrengo egunean emango du programa —hala egingo du Blai gazte telebistaren gainontzeko saioekin ere—.

Aitor Altuna Blaiko kide eta Mahai-gainera saioko aurkezleak azaldu duenez, telebista sortzeko ideia 2016ko udazkenean sortu zen. «2016ko abenduan, Gazteraiki topaketak egin genituen Barañainen [Nafarroa], ildoka banatuta. Komunikazioaren ildoan ateratako proiektu nagusietako bat gazte telebistarena izan zen. Ordutik, hainbat gazte lanean aritu gara buru-belarri, saioen araberako lantaldetan banatuta, eta, azkenean, proiektua plazar aterako da». Aurreneko grabaketak Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean (Gipuzkoa) eta Bilboko KRML espazioan egin dituzte.

Altunak aurkeztuko du Blai telebistak estreinatuko duen aurreneko saioa. «Mahai-gainera saioa hilean behin egingo dugu. Bertan, gazteok hunkitzen gaituen gai bat mahai gainera ekarri, eta gazteak horren inguruan eztabaidatzen jarriko ditugu. Ez bakarrik adituak; gazteak ere jarri nahi ditugu eztabaidan, oro har». Altunak iragarri du lehendabiziko saioa «polemikoa» izan daitekeela.

Hasteko, bi saio egingo dituzte Blai telebistan. Hutsa eta doblea izango da beste programa; umorezko albistegi bat. «Saio bakoitza hilean behin emitituko dugu, eta, bi saiorekin hasiko garenez, bi astean behin egongo da atal berri bat ikusgai», iragarri du Altunak. Saio gehiago iritsiko dira hilabete batzuk barru. «Saioak Youtubeko kanalean eta Topatu-n estreinatu ostean, zabaltzeko aukera eskaini nahi diogu nahi duen orori ».

«Kritikoa eta bihurria»

Web telebista bat izango da Blai, bere ezaugarri propioekin. «Telebista gaztea, freskoa, kritikoa eta bihurria izatea gustatuko litzaiguke», esan du Mahai-gainera saioaren aurkezleak. «Hain zuzen ere, telebista konbentzionalakoro har eskaintza gutxi egiten dizkigu gazteoi; edo, egitekotan, gazteak pertsona akritikoak eta tontoak bagina bezala tratatzen gaitu. Horren alternatiba gisa, gazteok gazteontzat sorturiko telebista izango da Blai». Argi dute horretarako nola jardun: «Gai zirikatzaileak mahai gainean jarriz, Euskal Herriko gazteak blaitzeko asmoz gatoz». Era berean, argi dute eduki guztiak euskaraz izan behar dutela. «Euskaraz nahi duguna egin daiteke; umorea, eztabaidak... baita gazte telebista bat ere».

Bospasei laguneko lantaldea osatu dute saio bakoitza egiteko. «Gaitasun ezberdinak ditugun gazteak elkartu gara: grabatzen eta editatzen dakitenak, edukiak lantzen dituztenak, diseinatzaileak, aurkezleak... Lana banatzen eta bakoitza beretik ematen saiatzen gara».

Bestalde, Blai gazte telebistakoek nabarmendu dute gertuko harremana dutela Topatu.eus atariarekin eta Kanaldude telebistarekin. «Ziur aski, Kanalduderekin elkarlanean egingo dugu Blairen saioetako bat», iragarri du Altunak. «Topatu Euskal Herriko gazteen komunikazio proiektua izanik, eta gurea gazte telebista, oso harreman estua dugu. Topatuko gazteak eta Blaikoak elkarlanean ari gara proiektua aurrera ateratzeko».

Interneteko eta telebistako emanaldiez harago, herriz herri egin nahi dituzte saioen proiekzioak. «Telebista saioak norberak bere etxean ikustea baino, taldean ikusteari eman diogu garrantzia. Mahai inguruetan, gaiek eztabaida sor dezakete, eta interesgarria izan daiteke era kolektiboan ikustea». Emanaldiak antolatu nahi dituztenek edo telebistan parte hartu nahi dutenek [email protected] helbidera idatzi behar dute. «Emanaldiak antolatzeko gonbidapena egin nahi diegu gaztetxeei eta bestelako gazte kolektiboei ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.