Beste bi kazetarirekin batera sortu du Columna Cero hedabide digitala Rogelio Montesek (Almeria, Espainia, 1980). Hiru programatzaileren laguntza dute, eta horietatik bi Nafarroakoak dira. Nafarroako Unibertsitatean ikasi zuen kazetaritza Montesek, eta han egin zuen lan bolada batean. New Yorken (AEB) ere aritu zen lanean, marketin arloan.
Hedabideen egoeraren inguruko kezkak eraman zaitu Columna Cero sortzera. Nola izan da prozesua?
La voz de Almeria egunkarian ari nintzen lanean, edizioan. Erredaktore guztiak kexuka etortzen zitzaizkidan, ia egunero. Emaitza ikustean, pentsatu nuen gauzak kazetariak nahi zituen moduan egin balira hobeto aterako liratekeela. Bestalde, egunkariek pakete oso bat eskaintzen jarraitzen dute, marka batekin. Guk uste dugu Interneten jendeak eduki bakar bat nahi duela, eta ez pakete osoa. Informazioaren jatorria eta kazetaria zuzenean hartzailearekin konektatzen bada, hobea izango da informazioa, erdiko interferentziak kentzen direlako. Filtrorik gabe, informazioa benetakoagoa izango da, zuzenagoa eta sinesgarriagoa. Horregatik, edozein kazetari gure hedabidean erregistratu, eta nahi duenaz idatz dezake [gaztelaniaz]. Kazetaritza titulua izatea da baldintza bakarra.
Zuen ataria market place bat da. Zer ezaugarri ditu eredu horrek?
Edukien market place bat da gurea. Market place batek ez du ezer saltzen, baizik eta marko bat da, eta hor jendeak transakzioak egiten ditu. Adibidez, eBay: ez du berez ezer saltzen, baina bertan, jendeak erosi eta saldu egin dezake. Booking-ekin gauza bera gertatzen da. Columna Cero-k bide horretatik jo nahi du, uste dugulako modu horretan konpontzen direla egunkariek Interneten dituzten arazoetako asko.
Esan izan duzu paperezko egunkariak ez direla ondo egokitu Internetera. Zer ari da gertatzen?
Kazetaritza munduan prekaritate handia dago. Ikusten ari gara egunkari tradizionalek paperean zuten lan egiteko modua kalkatu egin dutela Interneten. Baina horrek ez du funtzionatzen. Gu eredu ezberdin bat proposatzen ari gara, egunkarietan ikusten ditugun arazoen parte bat konpon dezakeena.
600 kazetarirekin sare bat osatu duzue. Nola lortzen dituzte haiek diru sarrerak?
Bi diru sarrera daude, aktiboa eta pasiboa. Aktiboan, kazetariak berak Interneteko iragarki bat lortzen badu bere albisteetarako edo publirreportaje bat egitea lortzen badu, sortzen duen diruaren %85 irabaziko du. Lan komertzial horrekin lortzen dute diru gehien; komertzialekin parteka dezakete lan hori. Pasiboan, kazetariak artikulua idatzi ostean sistemak berak jartzen dio publizitatea, eta bisita kopuruaren arabera sarreren %85 lortuko ditu. Google AdSense-k mila bisitako euro pare bat baino ez ditu ematen, gutxi gorabehera.
Sistema horrek ez al du ekartzen klik errazen bila joatea?
Ez zaigu halakorik gertatu. Iritsi zaizkigun artikuluen %99 onartu ditugu. Ortografia akatsetan soilik sartzen gara. Baina ez gara sartzen ez estiloan, ez gaietan, ez ideologian. Ez dugu editorialik.
Webgunean nork erabakitzen du artikulu bat gorago edo beherago jarri?
Irakurleek. Dauzkagun algoritmoek aztertzen dituzte bisitak, albisteak zenbat denbora daraman... eta irakurleek nahi dutenaren arabera jartzen dira artikuluak gorago edo beherago. Gai bereko bi artikulu daudenean, lotu egiten ditugu.
Politika eta futbola gailentzen al dira goiko partean?
Harritu gaitu politikak ez duela asko erakartzen. Ezbeharrek eta gizarte gaiek gehiago erakartzen dituzte gure irakurleak.
Interneteko publizitatea haziko al da datozen urteetan hedabide digitalak mantentzeko adina?
Espero dut baietz. Baina balioa sortu behar da, eta horrek denbora eskatzen du.
Rogelio Montes. 'Columna Cero' hedabidearen sortzailea
«'Columna Cero'-n, kazetariek sortzen duten diruaren %85 haientzat da»
Urtarrilean jarri zuen martxan 'Columna Cero' Montesek. 600 kazetari erregistratu dira artikuluak idazteko. Kazetari bakoitzak publizitatea lortuz edo bisiten bitartez irabazten ditu diru sarrerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu