Julian Iantzi. Telebista aurkezlea

«'Conquis' ez, baina egingo ditut beste proiektu batzuk ETBrekin»

Egunotan entzierroak aurkeztu ditu Iantzik TVEn. Irailean kate horren 'Conquis' aurkeztuko du, baina ez da arituko ETB2ko 'Conquis'-en 20. denboraldian. «Urteak daramatzat Espainiako kateetan saioak egiten».

ETB.
urtzi urkizu
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Hemeretzi urtez aurkeztu du El Conquistador del fin del mundo abentura reality-a ETB2n, eta urteotan ETB1en ere programa ugari aurkeztu ditu Julian Iantzik (Woodland, AEB, 1967). Egunotan sanferminetako entzierroen saioa aurkezten aritu da TVEn.

Oihartzuna izan du azkeneko egunetan Conquis-eko finalean iragarri zenuenak, hau da, datorren denboraldian ez duzula saioa aurkeztuko ETB2n. ETBk hartu al du horren erabakia?

Bai. ETBk berak esan du aldaketak egongo direla 20. denboraldian, eta aldaketen tartean aurkezlearena egongo da. Beste batek aurkeztuko du. Ni kanpoan geldituko naiz.

Zer arrazoi eman dizkizute?

Horretan ez naiz sartuko. Beren arrazoia dute; nik entzun nuen, eta kito. Gu profesionalak gara: batzuetan kontratatzen gaituzte, kontratua berritu ala ez. Hemeretzi urteren ostean, aldatzeko garaia dela pentsatu du ETBk.

TVEren Conquis-en aurkezle aritu zara, grabatu duzue jada eta irailean emango dute... batzuek pentsatuko dute hor dagoela arrazoia?

Nik urteak daramatzat Espainiako telebista kateetan lanak egiten. TVEkoa ez da lehen programa izan, eta orain arte ez da inolako arazorik egon. Nik badakit ETBren arrazoia zein den, baina ez dut argitara eman nahi. Onartu besterik ez dut. Baina ETBrekin jarraituko dut lanean. Conquis ez, baina egingo ditut beste proiektu batzuk ETBrekin. Etorkizunean zer gertatuko den ideiarik ez dut.

Telebistaren mundua beti baita behin-behinekoa.

Bai, guk egiten dugu proiektu bat. Eta proiektu hori bukatzean, ez dakizu hurrengoa noiz izango den eta izango ote den ere. Ni autonomo bat naiz, freelance.

ETB2ko Conquis-en hemeretzi urtez aritu zara. Zer eman dizu eta zer kendu?

Kendu baino gehiago, eman. Duela hemeretzi urte gazte mukizu bat nintzen. Urte hauetan ofizio bat ikasi dut, lekuak ezagutu ditut, lankideak egin ditut eta gauza asko ezagutu. Oso aberasgarria izan da toki askotatik begiratuta.

Lehiakide moduan joango al zinateke Conquis-era?

Bai, tira, egin nuen behin El conquistador del Aconcagua, eta espedizioko kide izan nintzen. Lehiakideak bezala bizi izan nuen abentura. Betidanik izan naiz kirolaria eta kuxkuxeroa, eta horrelako esperientziak aproposak dira. Gauza asko ikasten dira, gauza asko baloratu ere bai. Conquis telebista saio bat da, baina benetako abentura ere bada. Egoera guztiak benetakoak dira.

Azken urteetan Euskal Herritik kanpoko jende askok ere ikusi du Conquis.

Pandemia aurretik ere saioak izan zuen bere oihartzuna Euskal Herritik kanpo. Kanpotar batzuk oso harrituta gelditzen dira Conquis ikusten dutenean: harridura sortzen du. Pandemian jende askok deskubritu zuen saioa, batzuk kateatu egin ziren. Badaude ikusleak 17 edo 18 denboraldi sarean jarraian ikusi zituztenak.

TVEko Conquis-ek halako arrakasta lortuko al du Espainian?

Uste dugu baietz. Egia da saltzen duguna. Hautaprobetan aukeratu dituztenak mundialak dira; probak benetan gogorrak dira; sufritu dutena benetakoa da, eta horrekin jendea kateatuko dugu. Benetako Conquis izango da TVEkoa. Raquel Sanchez Silva aurkezleak reality asko egin izan ditu, eta oso harrituta gelditu da.

ETBk esan du egun ETB1en ez dutela reality-ek funtzionatzen.

Ez dakit Naufragoak-ek zergatik ez zuen funtzionatu, baina Conquis-eko ikusleen artean euskaldunak asko dira. Baserria-ren lehen denboraldiak oso ondo funtzionatu zuen. Reality-a egia baldin bada, pantaila gainditzen du, eta euskaraz ere hala beharko luke.

Sanferminetako entzierroak bigarren urtez aurkeztu dituzu TVEn. Gustura zabiltza?

Ikusle datu bikainak izan ditugu, eta TVEn pozik daude gurekin. Javier Solanok eta Elena Sanchezek egiten zuten emanaldia oso desberdina zen. Talde berria sartu gara, magazin bat egin dugu; formatu desberdin bat osatu du TVEko zuzendaritzak. Eta ni oso pozik aritu naiz egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.