Erabiltzaile batek fitxategi edo karpeta bat ezabatzen duenean ordenagailutik, informazio hori ez da guztiz ezabatzen disko gogorretik edo USB memoriatik. Marka bat ezartzen zaio informazio horrek okupatzen zuen espazioari. Era horretan, sistemak badaki espazio hori libre dagoela eta bestelako informazioarekin bete daitekeela. Hala ere, beste informazio batekin ordezkatu arte, jatorrizko informazioak hor jarraitzen du, nahiz eta sistemaren zakarrontzitik ezabatu. Horregatik, nahi gabe ezabatutako fitxategi batzuk berreskura daitezke sistemak fitxategi hori zegoen lekuan ez badu ezer berridatzi. Era berean, behin betiko ezabatu nahi den informazio konfidentzialak ere hor jarraitzen du, eta etorkizunean beste norbaitek berreskura lezake.
Ezabatutakoa berreskuratzea
Hala, zenbait aplikazio lor daitezke ordenagailutik ezabatutako informazioa berreskuratzeko. Recuva da adibideetako bat. MS Windows sistemetan erabili eta dohainik deskargatu daiteke ondorengo helbide honetan: http://www.piriform.com/ recuva/download/standard.Ezabatutako informazioa berreskuratzeko softwareen artean errezenetariko bat da. Aplikazioa Piriform enpresak garatu du, eta Recuvari buruzko informazioa http://www.piriform.com/recuva helbidean aurki daiteke. Recuvak disko gogorraren miaketa sakona egiten du, eta erabiltzaileari erakusten dio aurkitzen duen ezabatutako informazioa, hark nahi duena berreskura dezan. Hala ere, miraririk ez du egiten, eta oso informazio zaharra berreskuratzea zaila izaten da aplikazio horrekin eta beste guztiekin. Izan ere, hainbat alditan berridatz daiteke libre bezala markatutako espazioa. Aplikazio hori USB memoriaren, edo kameraren, edo bestelako txartelen datuak berreskuratzeko ere gauza da. Horrez gain, posta elektronikoa ere berreskuratzea posible da MS Outllok eta Mozilla Thudnerbird zein Windows Live Mail erabiliz gero, baita ez gordetako MS Word dokumentuak. USB memorian gordetzeko bertsio eramangarria ere eskura daiteke. Gainera, datuak berreskuratu ez ezik, datuen ezabaketa segurua egitea ere posible da aplikazio horren bitartez.
Linux sistemetan, Autopsy delako aplikazioa erabil daiteke galdutako datuak berreskuratzeko. Web interfaze grafiko bat eskaintzen dio erabiltzaileari errazago erabil dezan, eta NTFS, FAT, FFS, EXT2 eta EXT3 fitxategi sistemetako datuen miaketak egiteko gai da. Ubuntun eta Debian oinarritutako banaketa ezberdinetan «autopsy» izeneko paketea Ubuntu Software Biltegitik edo Synaptic bezalako pakete kudeatzaile batetik instalatu besterik ez da behar. Aplikazio hori software librea eta doakoa da.
Mac Os X sistemetan Mac File Recovery erabili ahal da era erraz eta azkar batean berreskuratzeko ezabatutako datuak. Helbide honetan deskarga daiteke debalde: http://www.macfilerecovery.net/.
Ezabatu informazioa era seguruan
Ezabatutako informazioa berreskuragaitz gera dadin, hainbat aplikazio erabil daitezke. Aplikazio horiek ezabatu nahi den informazioa ausazko informazio baliogabearekin berridazten dute zenbait alditan. Era horretan, korapilatu samarra suertatzen da ezabatu nahi den informazio hori berreskuratzea.
MS Windows sistemetan «cipher» komandoa erabili ahal da edozein karpetatan edo unitatetan ezabatu den informazioa era seguruan garbitzeko. Sistema eragile horretan, SDelete (http://technet.microsoft.com/en-gb/sysinternals/bb897443) edo Eraser (http://eraser.heidi.ie/) dira erabil daitezkeen beste aplikazio batzuk datuak era seguruan ezabatzeko.
Mac Os X sistemetan Finder menuan bertan «Zakarrontzia era seguruan ezabatu» aukera aurkitu daiteke. Horrez gain, informazio guztia era seguruan ezabatzeko konfiguratu daiteke sistemaren ezarpenetan.
GNU/Linux sistemetan Wipe izeneko programa erabili ahal da.http://wipe.sourceforge.net/ helbidean programa jaitsi eta programari buruzko informazioa lor daiteke. Aplikazio hori ere Ubuntu software biltegitik edo paketeak kudeatzeko beste aplikazio batekin jaits daiteke pakete biltegitik.
Zibergela
Datuak ezabatu eta berreskuratu
Ordenagailutik datuak ezabatzen direnean ez dira guztiz desagertzen; beraz, berreskura daitezke behin ezabatuta denbora asko igaro ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu