Gipuzkoako Debagoiena eskualdea kasu berezia da komunikabideen alorrean. Izan ere, bertan gehien irakurtzen den hedabidea euskarazko aldizkari bat da: Goiena. Herritar guztietatik, %73,6k irakurtzen dute astero, Aztiker soziologia enpresak egindako inkesta baten arabera. Galdekatuen artean, bost irakurletik lauk erantzun zuten azken astean aldizkaria irakurri zutela. Batez beste, 23 minutu eman zuten Goiena paperekoa irakurtzen. Debagoiendarren %99,5ek dute aldizkariaren berri; eta horietatik gehien-gehienek diote —%91,5ek— noiz edo noiz irakurri dutela.
Aurten egin zizkieten inkestak, urtarrilaren 26tik otsailaren 10era, Debagoieneko 15 eta 54 urte arteko 800 laguni.
Azterketaren ondorio nagusiak hauek dira: «Goiena proiektu sustraitua eta independentea da; beharrezkoa edo oso beharrezkoa; inora lerrokatu gabea eta, lerrokatua dagoela diotenen artean, oso banatua; informazio lokala lehenesten du, euskaraz izatearen aldean; aldizkaria da hedabideen artean indartsuena; erdaldunek iritzi ona dute Goienaren inguruan, eta, ulertzen ez duten arren, ikusi eta gainetik begiratzen dute».
Aipatutako ondorioak inkestaren datuek erakusten dituzte. Hala, herritarren %96,8k pentsatzen dute Goiena «beharrezkoa edo oso beharrezkoa» dela, baita euskaraz ulertzen ez dutenek ere.
Herritarren %71,9k diote Goienako hedabideak pluralak direla, independenteak indar politiko eta ekonomikoekiko; %8,7rentzat bakarrik daude joera jakin batekin lerrokatuta.
Galdekatuen %94,5ek interes handia edo oso handia erakusten dute informazio lokalaren inguruan. Edonola ere, euskaraz izateari ere garrantzi handia ematen diote herritarrek. Herriko gertaerak baloratzen dira gehien(%37,4); gero, herriko jendeari egindako elkarrizketak (%26,6); kultura albisteak (%24,9); gizarte gaiak (%20,9; zerbitzu informazioa (%18,2); ondoren, iritzia eta kirola; eta, azkenik, politikako kontuak. Udaleko batzarrak, alderdi politikoen proposamenak eta halakoak soilik herritarren %8,2ri interesatzen zaizkie.
Herrika, Bergara da Goiena aldizkariak gehien sartzea lortzen duen herria. Atzetik datoz Oñati, Aretxabaleta eta Arrasate.
«Interneten hazteko aukera»
Aztikerreko soziologo Ekhi Zubiriak dio deigarria dela papereko Goiena-ren nagusitasuna Debagoienean. «Egia da Debagoiena oso eskualde euskalduna dela, eta horrek ere laguntzen duela. Baina azpimarratzekoa da Goiena aldizkaria irakurtzeko ohitura eta maiztasuna». Inkestari erantzun ziotenen artean, gehiagok baloratu zuten tokiko informazioa eskaintzea, euskaraz eskaintzearen aldean. «Horrek erakusten du jendeak, militantziagatik baino gehiago, beharrezko duelako kontsumitzen duela aldizkaria, kalitatezko informazio lokala eskaintzen zaiolako».
Goiena.net webguneari dagokionez, inkestan parte hartu zutenen erdiek diote ez dutela ezagutzen. «Horrek aukera ematen dio Goienari hobetzeko», dio Zubiriak. «Goienaren proiekturik berriena da, hazkunde handia izan duen arren. Eta, hori horrela izanik ere, debagoiendarren erdiek ezagutzen dute. Datu ona da. Akaso, paperekoa balia daiteke Goiena.net ere gehiago ezagutarazten laguntzeko». Aztikerreko soziologoaren ustetan, Interneten lehia handia dauka Goienaren webguneak. «Baina eskualdean webgune erreferentea da informazio lokala emateko orduan».
Komunikazioa
Debagoieneko herritarren lautik hiruk 'Goiena' astekaria irakurtzen dute
Herritarren ustez, Goiena taldeko komunikabideak «beharrezkoak edo oso beharrezkoak» dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu