Komunikazioa

Denboraldiko berrikuntzak ikusgai, Gasteizko telebista jaialdian

Festval jaialdiak Gasteiz hartu du bosgarrenez; telebista kateen hiriburu izango da larunbatera arte

Africa Baetak aurkezten du ETB2ko Tu edificio favorito saioa. Jaialdian aurkeztuko dute. EITB.
Adrian Garcia.
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikus-entzunezkoen hiriburu bihurtu da Gasteiz; izan ere,Festval jaialdiari ekin zioten atzo, eta larunbatera arte telebistaren arloko hainbat ekitaldi egingo dituzte. Denboraldi berriko estreinaldiak aurkeztuko dituzte telebista kateek. Horrez gain, hainbat jardunaldi antolatu dituzte: mahai inguruak, sektoreko profesionalekin; telebista tailerrak kalean; zuzeneko saioak; omenaldiak eta sari banaketak. Ikus-entzule ororentzat bada ere, abagune paregabea dute telebista ekoizle, aktore, zuzendari, gidoilari eta beste profesionalekproiektu berriei buruz hitz egiteko.

Eguneko ekitaldi garrantzitsuena saioen estreinaldiak izango dira. Principal antzokian egingo dituzte, 19:00etan eta 22:00etan. San Prudentzio kaleko laranja koloreko alfonbratik igaroko dira saioko aktore eta arduradunak.

TVEko Isabel telesail historikoarekin hasi zuten atzo jaialdia. Michelle Jenner eta Rodolfo Sancho aktoreek Errege-erregina Katolikoen rola betetzen dute. Arrakastatsua izan da oso lehen denboraldia, eta atzokoan bigarrenaren lehen atala aurkeztu zuten telesaileko pertsonaiek.

Gaztetxoenek ere izango dute haien gustuko marrazki bizidunak ikusteko aukera. Gaur eta bihar, eguerditik aurrera, pantaila erraldoi bat jarriko dute Plaza Berrian ETBko haur programazioa ikus dezaten. Aita-amabitxi magikoak, Dragoi bola, Doraemon eta beste marrazki bizidunak emango dituzte euskaraz.

Discovery Max kateak magia saioei leku zabala eskaintzen die, eta Gasteizen ukitu berezia emango diote jaialdiari: El Mago Pop saioa aurkeztuko dute gaur, 19:00etan, Principal antzokian. Antonio Diazek aurkeztuko du saioa, eta haren trikimailuekin ikus-entzuleak txunditzen saiatuko da. Espainiako Magiako Sari Nazionala irabazi du Diazek.

Cuatro kateak denboraldiko honetarako egin duen apustua aurkeztuko du ondoren, 22:00etan: Dreamland. Denboraldiko lehen atala emango dute. Fikzioa eta errealitatea uztartzen ditu saioak, ekoizleek azaldu dutenez. Dreamland izeneko eskolan sartuko dira reality-ko pertsonaiak, haien musika eta dantza abileziak hobetzeko.

TVEko fikzioko saioen txanda izango da bihar, 19:00etan: Águila Roja telesailaren bosgarren denboraldia aurkeztuko dute. Orain arteko denboraldiek baino akzio gehiago izango duela iragarri dute. 22:00etan, berriz, Antena 3ek Galerias Velvet saioaren denboraldi berria estreinatuko du.

Ostegunean Canal + kateak ekoizpen berria aurkeztuko du: España en serie. Espainiako historia eta gizarte aldaketak telebistako telesailen bidez aztertzea du xede ikus-entzunezkoak. Aktore eta zuzendari ugarik parte hartu dute lanean, besteak beste Javier Camarak, Antonio Resinesek, Emilio Aragonek eta Jose Coronadok. Iluntzean, Aida telesaileko langile guztiak Gasteizera bilduko dira 200. atala ospatzera.

ETB2ko saio berria

Igandean ETB2n estreinatu zuten Tu edificio favorito saioa emango dute ostiralean, 19:00etan. Euskal Herriko arkitektura aztertuko dute Africa Baetaren laguntzarekin. 24 lagun ezagunenek haien eraikuntza gustukoenei buruz hitz egingo dute. Javier Clementek, Kepa Acerok, David Barberok, Elena Arzakek eta Mikel Urmenetak parte hartuko dute saioan, besteak beste. Iluntzean berriz, Antena 3ek El tiempo entre costuras estreinatuko du. Maria Dueñasen eleberrian oinarriturik dago lana, eta Sira Quiroga jostun gaztearen istorioa kontatzen du.

Larunbatean amaituko da jaialdia, eta hainbat jardunaldi eta hitzaldi antolatu dituzte. Jaialdiaren programazio osoahttp://www.festivaltelevisionyradio.com/ helbidean eskura daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.