Ion Garate eta Josu Odriozola. Naiz irratiko 'Xatoken Moura' saioko aurkezleak

«Denok dugu puntu xelebre bat»

Bi astean behin 'Xatuken mouren' umorezko irratsaioa egiten dute Garatek eta Odriozolak. Esketxak, imitazioak, elkarrizketak, albisteak... «Geure buruaz barre egiten hasten gara», azaldu dute bi esatariek.

Josu Odriozola eta Ion Garate, Naiz irratiko estudioan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Naiz irratian lanean urte eta erdi egin zuen Josu Odriozolak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1996), eta beste lan batzuetan ari da orain. Naiz irratian hiru urte daramatza, eta bertan ari da egun Ion Garate (Belauntza, Gipuzkoa, 1996).

Oñatitik (Gipuzkoa) kanpo ba al daki norbaitek zer den xatoken moura?

ION GARATE: Batzuek esan didate ez zekitela zer zen. Niri ulergarria egiten zait: datorren modura. Inprobisazio gisa, datorrena esatea, asko pentsatu gabe. Ekialdeko zerbait ote zen galdetu didate.

JOSU ODRIOZOLA: Xaukena xauk zen lehen proposamena izenarentzat, baina oñatiarrak nazkatuta daude esamoldearekin. Oñatiko ikaskide bat izan genuen, eta hark izan du eragina.

Esketx batekin hasi ohi zarete. Normalean ikusteko dira esketxak. Zein dira zuen erreferentziak esketxetarako?

GARATE: Gure belaunaldian mugarri bat izan zen Wazemank saioa. Ondotik, Noaoa! eta Brinkola ere bai. Baina audio bidez bakarrik grazia egitea ez da erraza, txantxak beste buelta bat behar du. Erronka bat da.

Gonbidatuak «xelebreak» izango direla iragarri duzue. Nor den «xelebre» ere galdetu duzue.

ODRIOZOLA: Geure burua xelebretzat identifikatu dugu. Gonbidatuak horretara eramango ditugu. Denok dugu puntu xelebre bat, eta bakoitzari puntu horretatik tira egingo diogu.

Fikziozko elkarrizketak egiteari ere ekin diozue. Pingu, lehena. Badago hor bide bat egiteko?

GARATE: Wazemank-en bazeuden halako elkarrizketa batzuk: Tintin, Asterix eta Obelix... Imitazioak dira. Txikitatik gustatu izan zait ahotsarekin imitazioak egitea. Grabazio horietan askotan barrez hasten gara, eta horrek beste naturaltasun bat ematen dio.

Zuen artean elkar ondo ulertzea da gakoetako bat?

ODRIOZOLA: Zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da. Fikziozko elkarrizketan, esate baterako, gidoi bat dugu, baina etorriarekin jolasten aritzen gara.

Naiz irratiko arduradunek zer esan dute programaz?

GARATE: Hasieran beldurra neukan. Aspaldi nuen gogoa horrelako irratsaio bat egiteko, eta planteatu nuenean errespetua nuen. Arrakala bat dugu buruan halako gauzak egiteko. Lehen atala bidali nienean asko gustatu zitzaien, eta, tira, aurrera.

ODRIOZOLA: Irratian orain arte erregistro formaletan aritu izan gara, albistegietan eta kiroletan. Baina ez genekien asmatuko ote genuen.

Mugarik jarri al diozue zuen buruari umorea egiteko?

GARATE: Ez gara horretan pentsatzen jarri. Naturalki ez zaigu aterako tokitik kanpo dagoen zerbait. Inor iraintzeko asmorik ez dugu. Ondo pasatzeko egiten dugun zerbait da.

ODRIOZOLA: Aske sentitu gara gauzak egiteko. Baina erronkatzat jarri dugu elkarrizketatuak ez izatea pertsonaia ospetsuak. Kostatzen ari zaigu elkarrizketatu emakumezkoak lortzea.

GARATE: Gurea ez da inor gutxiesteko saio bat. Geure buruaz barre egiten hasten gara.

ODRIOZOLA: Erreparo pixka bat ematen digu jendeari esatea jende xelebrea gonbidatzen dugula.

Saioa ez da bereziki laburra.

GARATE: Hasieran uste genuen ez ginela ordubetera iritsiko.

ODRIOZOLA: Ordubete eta laurden iraun du lehenak, eta bigarrena luzeagoa atera zen.

GARATE: Asmoa da ordubetean sartzea eta dinamikoagoa egitea.

Jendaurreko zuzeneko saioren bat egingo al zenukete? Non?

GARATE: Aukera emanez gero, ikus-entzunezkoetara pasatuko genuke programa. Baina ez da erraza izango.

ODRIOZOLA: Kontuan izan irratsaioak edizio asko duela, grabaketetan barre asko egiten dugulako. Areto txikiren batean egingo genuke, baina ez dugu hori buruan.

ETB2ko Akelarre umore saioaz zer diozue? Andoni Aldekoak esan du euskal kulturarekiko «maitasuna» adierazten duela.

ODRIOZOLA: Maitasun hori ez dut ikusi.

GARATE: Ikusi dudanagatik, iraingarria iruditu zait. Euskal kulturaren ezjakintasunaz barre egiteko moduak eta moduak daude. Elkarrizketatuekiko tratua ez dut oso egokia ikusten. Umore formatuen faltan dago ETB: bai ETB1, bai ETB2.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.