Diseinu eta webgune berriak ditu 'Goierriko Hitza'-k gaurtik

Mantxeta ere aldatu egin du egunkariak.2015eko hasiera bitarte, 'Hitza' guztiak berrituko dira; Goierrikoa da lehena

urtzi urkizu
2014ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Aldaketa prozesuan dira eskualdetako Hitza-k. Orain hasi eta datorren urtearen hasiera bitartean,guztiak berrituko dira. Eta Goierrikoa da traje berria jantzi duen aurrenekoa.

Danel Agirre diseinatzaileak berritu du Goierriko Hitza-ren itxura. «Sinpleak eta argiak» izango dira aurrerantzean egunkariaren orriak. «Hitzek elementu asko erabiltzen dituzte orri kopuru txikian, eta horiek ahalik eta ondoen antolatuta agertzea da asmoa», adierazi du Agirrek. Orain arteko maketak BERRIAko maketazio zahar baten moldaketak ziren, baina maketazio eta estilo berria sortu ditu Agirrek: «Espazioa hobeto aprobetxatu behar da, orri gutxiagoko erritmo horretara hobeto egokitzeko».

Eskeine Legorburu Goierriko Hitza-ko zuzendariaren arabera, kazetarien lanak errazteko pentsatuta egin ditu maketak diseinatzaileak. «Behin eskua hartuta, egunero orriak diseinatzen egiten dugun lana errazagoa izango da».

Urdina eta horia izango dira hemendik aurrera kolore nagusiak, «arreta berezia azalean jarrita». Mantxeta ere berria du gaurtik Goierriko euskarazko egunkariak. «Hitza bakoitzaren izena egoki azalduko duen mantxeta sortzea erronka izan da», esan du Agirrek. «Lehen aldiz BERRIAren mantxetaren inongo antzik eduki behar ez duen mantxeta egin dugu».

Letra motan ere arreta berezia jarri dute. Letra tipo berriak inguruan inork ez erabiltzea komenidela argitu du Agirrek. «Oraingoan, Hitzei izaera berezi samarra emango dien tipografia geometriko bat aukeratu dugu, XX. mende hasierako eta erdialdeko karteletan asko erabiltzen zenaren estiloko baten oinordekoa».

Webgunea egokitu dute

Goierriko Hitza-ren webgunearen itxura goitik behera aldatu dute. Eguneko albiste nabarmenei politika, gizarte, ekonomia eta kultur arlokoek jarraitzen diete, eta bakoitzak bere atal propioa du. GoiBerri aldizkariak, agendak, harpidedunen txokoak eta beste atal batzuek ere presentzia dute lehen orrian. Horrekin batera, nabigatzeko modua aldatu da. Azalak orain arte baino informazio gehiago eskaintzen du, baina nabigatzeko errazagoa da. Izan ere, irakurleak errazago egin dezake atalen eta gai ezberdinen arteko banaketa.

Goierri.hitza.eus webguneak orain arte zuen berehalakotasuna oraindik gehiago handituko duela iragarri du Legorburuk. «Aldaketak etorri dira, baina jendearen babesa izan dugu, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dugu lanean, goierritarrekin eta goierritarrentzat». Irakurleek webgune berrituaren inguruko gomendioak egin ditzakete [email protected] helbide elektronikoan.

Hamar urte bete ditu Goierriko Hitza-k, eta larunbatean ospakizun festa egin zuten Ordizian. «Hor ikusten da Goierriko Hitzaren osasuna, jendeak oso harrera ona egiten baitio egunkariari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.