'DK Sessions', musikarien inguruko egitasmo multimedia bat

DK Irratiaren inguruan sortu dute proiektua. Podcast, narrazio, bideo eta single formatuan gauzatzen da. Maite Larburu izan da lehen gonbidatua.

Maite Larburu, 'DK Sessions' proiektuko lehen atalean. ULU MEDIA
Maite Larburu, 'DK Sessions' proiektuko lehen atalean. ULU MEDIA
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ulu Media ekoiztetxeak, Elhuyar fundazioak eta Donostiako Udalaren Donostia Kulturak musikan oinarritutako multimedia programa bat jarri dute martxan: DK Sessions. DK Irratiaren inguruan sortutako egitasmoa da, eta sustatzaileek nabarmendu dute audio soilaren mugak gainditzen dituela, eta, horrez gain, musikari gonbidatuak sormenaren inguruko gogoetan murgiltzen direla. «Sormen musikaren prozesu intimoari heltzen dio egitasmoak: musikari bat estudioko egun batean single bat grabatzera joaten da, eta momentu hori podcast, narrazio, bideo eta single formatuan jasotzen da», azaldu du Ulu Mediako sormen zuzendari Oier Aranzabalek.

Musikari bakoitzaren ahots propioa, esperientzia pertsonala eta abestien atzean dauden istorioak izango dira kontakizunaren ardatza. Proiektuaren euskarrien artean, podcast narratiboa dago: artistak berak kontatuko du abestiaren sormen prozesua. Zer inspirazio izan duen, zein izan diren zailtasunak edo momentu gogoangarriak, eta nola iritsi den azken emaitzara. Single grabazioari dagokionez, estudioan sortutako abestia audio plataformetan zabalduko dute: Spotify, Apple Music... Emaitza musikal osoa entzuleen eskura egongo da, beraz. Eta, gainera, bideoa eta making-off-a zabalduko dituzte: grabazio saioaren irudiak jaso eta ikus-entzunezko lana sortuko du Lander Andonegik. Bideo-singlea Youtuben eta beste plataforma batzuetan argitaratuko dute, eta Interneteko sare sozial batzuetan eduki osagarriak zabalduko dituzte: Instagram, Tiktok...

DK Sessions-en lehen atala argitaratu dute jada. Maite Larburu musikaria eta Gona abestia dira protagonista.

Maite Larbururen 'Gona', 'DK Sessions' egitasmoko protagonista.

«Prozesua dokumentatzen da»

Aranzabalek gogoratu du Ulu Median aspalditik ari direla formatu narratibo berriak aztertzen. «Tartean, session delakoei ere erreparatzen genien, musika munduan asko ari baitira nabarmentzen. Baina podcast narratiboarekin uztartzeko gogoa genuen». Proiektu berria sortzeko, Song Exploder aipatu du inspirazio iturritzat Ulu Mediako ordezkariak. «Musikari batek kontatuko digu zergatik eta nondik nora sortu zuen abesti bat. Estudioa utziko diogu abesti hori grabatzeko, baita atzean duen istorioa kontatzeko ere».

Proiektu multimedia berriak ariketa bat proposatzen dio musikari bakoitzari. «Izaera performatiboa du. Zatoz estudiora eta grabatu ezazu abesti bat; eta prozesua dokumentatzen da, artistikoki eta sormen aldetik». Era berean, estudioan gertatzen denaren bidez kontatzen dute abestiaren atzean dagoen istorioa.

Larburu lehendik ezagutzen zuten Ulu Mediakoek, eta erraz iritsi dira harengana. «Holobiontea fikziozko podcastean [Guau plataforman entzungai] soinu banda egin zuen, eta beste proiektu batzuetan ere bidelagun izan dugu». Disko berria ere aurkeztu berri du Hernaniko (Gipuzkoa) musikariak: Maizter.

Urtean lau session egingo dituztela iragarri du Aranzabalek. «Bakoitzari behar duen mimoa eman nahi diogu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.