Kalitate handiko dokumentalak eman ditu 25 urtean La2 kateko Documentos TV saioak. Eta programaren mende laurdena ospatzeko, ikus-entzuleei galdetu diete ea zer lan ikusi nahi dituzten berriro. Hauek dira gehien bozkaturiko lanak: Regreso a Chernobyl, Yoyes, Las fosas del olvido eta Las habitaciones de la muerte.
Hasteko, gaur Regreso a Chernobyl dokumentala emango dute (22:30). Hain zuzen, Ukrainako zentral nuklearraren hondamendia gertatu zela 25 urte bete diren astean. Lana 1989. urteko apirilean estreinatu zuten, eta mundu osoko ikus-entzuleak hunkitu zituen. Fukushiman gertatutakoaren ostean, gaurkotasun berezia hartzen du Txernobyli buruzko lanak. www.rtve.es webgunean jende askok ikusi du dokumentala azkeneko asteetan.
Maiatzaren 7an, Yoyes dokumentala emango dute. Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes da dokumentalaren protagonista nagusia, berak idatzitako testuetatik abiatuta. 1986. urtean hil zuen ETAk Yoyes, eta handik bi urtera estreinatu zuen TVEk dokumentala.
Maiatzaren 14an, Las fosas del olvido lana izango da ikusgai. 36ko gerran eta gerra ostean desagertutako pertsonen draman sakontzen du. Halaber, senideakhobi komunak zabaltzeko borrokan dabiltza, eta horren berri ematen du dokumentalak. 2004. urtean estreinatu zuten.
Maiatzaren 21ean, Las habitaciones de la muerte lana emango dute. Txinan hainbat umezurtz etxetan abandonatzen dituzten nesken gaineko dokumental hunkigarria da, 1995. urtekoa.
Maiatzaren 28an, azkenik, saioaren etapa berri bat hasiko dute 2036, una visita al futuro dokumental berriarekin. Datozen 25 urteetan gizartea nola alda daitekeen aztertzen du lanak.
Komunikazioa
'Documentos TV'-ko ikus-entzuleek aukeratutako lau lan onenak La2en
TVEko programak 25. urteurrena ospatuko du gaurtik aurrera boto gehien jaso duten dokumentalekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu