Ikus-entzunezkoak

Donostiako Gotzaindegiaren Betania telebista itxi egingo dute

Otsailaren 14tik aurrera Hego Euskal Herriko kate guztiek bereizmen handiko irudiak eman behar izateak eragina izan du itxieraren erabakian.

Betania telebista itxiko du Donostiako gotzaindegiak.
Betania telebista katea. BERRIA
urtzi urkizu
Donostia
2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Gotzaindegiak duela hiru urte martxan jarritako elizbarrutiko Betania telebista kateak bidea amaituko du egun gutxi barru. Izan ere, gotzaindegiko iturriek adierazi dute «defizit ekonomiko esanguratsua eta gero eta handiagoa» daukala kateak. Proiektua hasi zenean aurreikusi zutenetik urrun, «bideraezina» dela azaldu du euskal elizbarrutiko hedabideen ordezkaritzak, ohar batean. «Ez dago etorkizun hurbilean joera hori aldatu daitekeela pentsarazten duen adierazlerik», gaineratu du.

Era berean, bada pisuzko beste arrazoi bat itxieran; Hego Euskal Herrian —baita Herrialde Katalanetan, Espainian eta Galizian ere— otsailaren 14tik aurrera lurreko telebista digitaleko kanal guztiek bereizmen handian eman beharko dituzte irudiak. Horrek are egoera zailagoa sortu duela azaldu dute elizbarrutiko ordezkariek. Sistema berri horretara egokitzeak «inbertsio ekonomiko berri eta garrantzitsu bat» ekarriko lukeela diote, eta horri «funtzionamendurako hileko gastu iraunkor handia gehitu beharko litzaioke». Horri lotuta, Euskal Telebistako kanalen bereizmen handiko seinalea ikusiko da soilik otsailaren 8tik aurrera —bereizmen handikoak ez diren seinaleak desagertu egingo zaizkie ikusleei telebistatik—.

Itxierarekin elizbarrutiak «diru asko» aurreztuko duela uste dute. Diru hori «elizbarrutiko zerbitzuen profesionalizazio handiago batean» erabiltzeko asmoa dute, baita «komunikazio zerbitzuen hobekuntzan» ere.

Webgune berri bat eta sare sozialak

Elizbarrutiak webgune berri bat estreinatuko du datozen egunetan. Horri «elizbarrutiko bizitza islatuko duen ikus-entzunezko sorkuntzako lana» gehituko zaio. Horrek guztiak jarraipena emango dio Gotzaindegiaren YouTube eta Twitcheko kanalekin batera orain arte Betania telebistak ematen zituen ospakizun eta informazioei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.