Jon Kortarajarena. Aktorea

«Droga asko eta bizitzeko modu bat daude 'El inmortal'-en»

Kortajarenak 1990eko hamarkadako telebista aurkezle baten rola jokatzen du 'El inmortal' telesailean. Donostiako Crossover jaialdian aurkeztu du: «Nire konfort zonatik atera naiz».

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Tom Ford diseinatzailearen eskutik, modelo aritu zen oso gazterik Jon Kortajarena (Bilbo, 1985), marka entzutetsuentzat. Aktore gisa, A single man filmean egin zuen debuta. Ondotik, Quantico, La verdad, Alta mar eta beste telesail batzuetan aritu da. «El inmortal-en bigarren denboraldia egingo balitz, munduko gizonik zoriontsuena izango nintzateke», esan du telesail horren lehen atalaren proiekzioaren aurretik. Movistar Plusek udazkenean estreinatu du fikzioa.

Canneseries jaialdian lehian izan zen El inmortal. Orain, Donostiako Crossover jaialdia zabaldu du. Ez dago gaizki telesail bat aurkezten hasteko, ezta?

Oso ondo dago. Halako jaialdietan harrera ona izateak erraztu egiten du jendeak interesa izatea telesailarekin. Zuk lan bat egin dezakezu, baina publikoak ez badaki telesail hori hor dagoela, dena urardotu egiten da apur bat.

1990eko hamarkadako droga trafikoaren mundua da telesailaren ardatza. Zer osagai ditu?

1990eko hamarkadako lehen urteak oso ondo islatzen ditu. Anbizioa du, techno musika, giza harremanak, droga asko; eta bizitzeko modu bat islatzen du. Ordainean prezio bat dakarren bizimodu bat.

Nola eraiki duzu Caballero izeneko pertsonaia?

1990eko hamarkadako telebista saioak ikusten aritu naiz, batez ere oso ahots goraz hitz egiten zuten programak. Caballerok drogak kontsumitzen ditu, eta hortik abiatuta telebista saio bat nola aurkezten den aztertu nahi nuen. Zein den pertsonaiaren mozorroa eta zein den haren esentzia. Kontrasteekin jokatu nahi nuen: nor den aurkezlea eta nor etxean bere oinazearekin bizi dena.

Alacanteko grabaketak dibertigarriak izan zirela esan duzue Movistarren bideo batean.

Bai, eta lehen grabaketak han izan ziren. Lantalde berri batekin hasten zarenean, eta denek elkarrekin bidaiatzeko aukera duzuenean, bat egiten duzu. Lanaren dimentsioa handiagotu egiten da. Bizi zaren tokian grabatzen baduzu, gero etxera zoaz, baina Alacanten [Herrialde Katalanak] egunez egun elkarrekin geunden, eta horrek eragina izan zuen ondorengo Madrilgo grabaketetan.

Alacanten beste tokiren bat irudikatu al zenuten?

Bai, Eivissa [Balearrak] irudikatu genuen.

Telesailak bidaiatuko duela iruditzen zaizu?

Ez dut inolako zalantzarik. Ziur bidaiatuko duela.

Zer desberdintasun nabarmenduko zenituzke El inmortal-en egin duzun lanaren eta beste telesail batzuen artean?

Aktore gisa haziz zoazen heinean, pertsonaiei gehiago emateko aukera izaten duzu. Bizitzako esperientziekin eta gauzei buruz daukazun ikuspegiarekin, gehiago eman dezakezu. El inmortal-eko lana da harrotasunik handiena eragin didanetako bat: nire konfort zonatik atera naiz, argi eta itzal askoko mundu batean sartzeko, eta horri ekiteko gogoz nengoen.

Zineman ere aritua zara. Duela bi urte Eurovisioni buruzko film batean parte hartu zenuen. Zer moduz joan zen?

Primeran. Pelikula horrek Islandiako txantxa propio batzuk ditu, eta Islandiako kultura ezagutzen duenak errazago ulertuko ditu. Edonola ere, Eurovisionekin lotutako lengoaia ikusle askoren gustukoa izan zen. Netflixentzako beste film batean ari naiz orain lanean, Hart of stone-n, eta berriro Islandiara joan ahal izan naiz grabatzera. Londresen eta Portugalen ere ari gara grabatzen.

Ekoizle edo zuzendariren batek aurreiritziak izan al ditu modelo entzutetsua zarelako?

Bai, izan dira halakoak. AEBetan muga ez da hain handia, eta ez dago aurreiritzirik aktore egiten diren modeloei edo modelo egiten diren aktoreei buruz. Baina modan ere ikusi nituen aurreiritziak, azala ilunagoa nuelako. Aurreiritziak edonon daude, baina ezin zara borrokatu horren aurka.

Zer da Jon Kortajarena basoa?

Ilusio handia pizten didan proiektu bat da. Reforest Project-en bidez, lortu dugu Madrilgo Udalak lur eremu bat uztea. Hartan, ekosistema bat sortu nahi dugu, animaliak itzul daitezen. Familiak etor daitezke, naturarekin harremanetan egotera eta zuhaitz bat landatzera. Ea Euskadin norbaitek aukera ematen digun horrelako beste baso bat sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.