Durangoko Azokaz zabal eta luze ariko da gaurtik BERRIA

Hamaikak azokari lotutako edukiak emango ditu ia egun osoan. Arrosa irrati sareak 'Zebrabidea' berezia egingo du gaur azokatik

BERRIAren produktuak ere erosi ahalko dira egunotan Durangoko Azokan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Durangoko 52. Azokak gaur irekiko ditu ateak, eta Euskal Herriko komunikabideek arreta berezia jarriko dute han gertatzen denaren inguruan. Hona hedabide bakoitzak nola jorratuko duen:

BERRIA

Paperezko edizioko orrialdeetan, artikuluak idazten ariko dira Durangon Gorka Erostarbe, Iñigo Astiz eta Ainhoa Sarasola —Astizek Arazoka zutabea ere idatziko du—. Elkarrizketa partekatuak egingo dituzte, azokaren atzean daudenekin, binaka elkartuta. Webguneko berriemailea azokan Maialen Unanue izango da. Berria telebistari dagokionez, Landakoenea saioa egingo dute. Bertan, bideoak egin ahala webgunean eta sare sozialetan jarriko dituzte. Kazetarien bideo iruzkinak ere jarriko dituzte.

HAMAIKA

Ia egun osoan ariko dira ematen azokarekin lotutako edukiak, gaurtik igandera bitartean. 10:30ean hasita, Azoka TB izango da ikusgai —tartean, Hamaikaren Euskaltzale, Bertso Hop eta Artekale saioak izango dira—. 18:30ean, #11AzokaTb ordu erdiko saioa emango dute —Koldo Otamendik musikariei egindako elkarrizketak, Ahotseneako eta Irudieneako bideoak eta Landakoeneako giroa izango dira ikusgai—. Egunotan, bestalde, Ekhine Atorrasagastik Gurean gaur, Durango-Paris aurkeztuko du, 20:30ean, Bizkaiko herritik. Albistegiko bi ardatzak Durangoko Azoka eta Parisko manifestazioa izango dira. Azokaren «B aldea» jasotzen saiatuko direla iragarri du Atorrasagastik, eta Irudienea guneak tarte berezia izango duela.

ETB

Albistegietan jorratuko dutenaz gain, ETB1eko Ahoz aho saioan Durangotik ariko da bihar Ilaski Serrano (16:10). Besteak beste, Lutxo Egia, Arantxa Atutxa,Alex Sardui, Jabier Muguruza, Berri Txarrak, Anjel Lertxundi eta Irati Jimenez elkarrizketatuko dituzte. Bestalde, EITB Kultura Transit saioan —bihar ETB1en, 00:30ean—, Ahotseneari buruzko erreportaje bat emango dute, Gotzon Barandiaranen parte hartzearekin.

EUSKADI IRRATIA

Gaur goizeko Amarauna saioa ia osorik azokari eskainitakoa izango da. Bihar, Faktoria-n, Joseba Irazoki eta Beñat Axiari elkarrizketatuko dituzte Durangon bertan. Ostiralean, Amarauna-k Wikipedia egunean jarriko du arreta. Larunbatean, berriz, Berri Txarrak taldearen lanaz ariko dira, eta haien jarraitzaileen iritziak bilduko dituzte.

RADIO EUSKADI

Irekiera ekitaldia zuzenean emango du gaur eguerdian gaztelaniazko irratiak. Bihar arratsaldeko programazioa azokatik egingo dute: Kultura.eus, Iflandia eta Graffiti saioak. Larunbatean, Durangotik egingo dute Más que palabras saioa.

GAZTEA

B-Aldea saioaren emankizun berezia egingo dute bihar Durangotik, 19:00etatik 20:00etara. Alain Perez esataria saio ezberdinetan ariko da azokaren berri ematen.

ARROSA IRRATI SAREA

Sorkuntzak zer leku? izenburupean, Zebrabidea berezia egingo dute gaur Durangotik, 16:00etatik 18:00etara. Euskal Irratiek ere parte hartuko dute programaren ekoizpenean.

INFO7

Kale Gorrian irratsaioa Durangon egingo dute osorik gaur, 08:15ean hasita. Amaia Zurutuzak eta Oinatz Azpuruk gidatuko dute saioa. Elkarrizketatuen artean, Lutxo Egia, Jule Goikoetxea eta Fito Rodriguez egongo dira.

EUSKAL IRRATIAK

Antxeta Irratian, Gure Irratian, Irulegiko Irratian eta Xiberoko Botzan azokaren irekierari lotutako saioa entzun ahalko da gaur, 12:00etan. Bihar, 11:00etan, kultur berrikuntzak aipatuko dituzte Kulturalea-n. 17:00etan, Durango gunez gune entzuteko modua izango da. 21:00etan, Ixo saioan, musika taldeen berrikuntzak azalduko dituzte. Ostiralean, berrikuntzekin jarraituko dute Kulturalea (11:00) eta Kantuz kantu (16:00) saioetan.

AZOKA TB

Emisio jarraitua eskainiko du euskarazko tokiko telebistetan, eta streaming bidez jarraitu ahalko da Durangoko Azokaren webgunean. Zuzeneko hainbat saio egingo dituzte Landakoko platotik, eta baita handik kanpo ere, gunez gune gertatzen dena erakutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.