Igande iluntzean estreinatuko dute Cumbres saioa, La2 katean. Edurne Pasaban Tolosako mendizaleak (Gipuzkoa) gidatuko du saioa, eta astero pertsona ezagun bati lagunduko dio gailur batera igotzen. «Mendia da pertsona bat ezagutzeko tokirik aproposena», azaldu du mendizaleak. Horixe izango da, hain zuzen ere, saioaren helburua; gonbidatua haren ohiko ingurutik kanpo ezagutzea. Aktoreak, musikariak, kirolariak, idazleak... izango ditu Pasabanek bidelagun.
Manel Arranz La2eko zuzendariak azaldu du saio «entretenigarria» izateaz gainera mendizaletasuna gerturatuko dietela ikus-entzuleei. Pirinioetako gailurrak, Iberiar penintsulako erdialdeko sistema eta Mendikate Betikoak erakutsiko dituzte.
Iaz hasi ziren grabaketa lanetan, eta udazkenean ematea aurreikusi zuten hasiera batean, baina atzeratu egin behar izan dute.
Lehen denboraldiak 11 saio ditu, eta saio bakoitzean gonbidatu batek mendi tontor bat zapalduko du. Gemma Mengual igerilariak Pirinioetako Pedraforcara eginiko igoera ikusi ahalko da etzi.
Javier Sierra idazlea, Judit Masco modeloa, Espido Freire idazlea, Kiko Veneno musikaria, Lucrecia Perez abeslaria, Laia Sanz trialeko pilotua, Juanjo Ballesta aktorea, Julio Salinas futbolari ohia, Pedro Delgado txirrindulari ohia eta Maria Casado kazetaria izango dira lehen denboraldiko gonbidatuak.
Pasabanen aholkuak
Al filo de lo imposible-ko abenturetatik urrun, gonbidatuak mendira eraman, eta aholkuak emango dizkie Pasabanek: motxila egokiro prestatzen lagundu, erraketekin ibiltzen irakatsi, rappelatzeko soka prestatu... Gonbidatuetako batzuek ez dute eskarmentu handirik mendian. «Sekula ez nuen mendi bat igo», azaldu du Kiko Venenok. Mulhacenera, Iberiar penintsulako gainik garaienera igo zen musikaria, Sierra Nevadan, Espainian. «Pertsonengan berezko konfiantza izaten ikasi dut».
Bi eguneko txangoa egin dute gonbidatu gehienek, eta mendian lo egin behar izan dute. «Batzuek ez zuten inoiz zakuan lo egin», dio Pasabanek.
Ballesta aktorearen erronka garaierak sortutako zorabioa gainditzea izan zen. Almanzorrera igo zen, Gredosko mendikatean. Gustura ibili da aktorea, eta, azaldu duenez, gisa horretako beste abentura bat egiteko prest legoke.
Cesc Tomas Cumbres-eko zuzendariak adierazi du La2 katearen izaerarekin bat egin zezaketen pertsonak aukeratu dituztela, «gauza interesgarriak» konta zitzaketenak, eta ez «telebistan haien bizitzari buruz orduak igarotzen dituzten pertsona ezagunak». Tomasek berak zuzendu zuen Cumbres-en aitzindaria: Cims. 2012an eta 2013an, soilik Kataluniarako zuen saio hura TVEk.
Komunikazioa
Edurne Pasabanen 'Cumbres' saioa igandean estreinatuko dute, La2en
Igandero pertsona ezagun bat hartu, eta mendian gora lagunduko dio Tolosako mendizaleak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu