Eguberri kantak Hendaia, Ziburu eta Iruñetik, ETB1eko Gabon gauerako

Futbol jokalariak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots zein beste hogei bat ezagun arituko dira kantuan

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Ziburuko (Lapurdi) Kaskarotenea iksatolako haurrekin abestuko dute. ETB.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Saio bereziak prestatu dituzte telebistek Gabon gauerako eta Eguberri egunerako. Musika eta aurpegi ezagunak ohiko formulan, eta urtearen errepasoa, lehiaketa bereziak eta film maratoiak bestelako proposamenetan.

ETB1

«Urteko protagonistak» kantuan jartzea da ETB1en Gabon gauerako aurtengo apustua. Julen Telleriak eta Itziar Atienzak aurkeztuko dute Euskal kantuen gaua saioa, 23:15etik aurrera. Hogei bat kantu entzuteko aukera egongo da, urtean albiste izan diren hainbat pertsona ezagunek abestuta. Saioaren aurretik, Hendaian (Lapurdi) grabatutako Gabon kantak emanaldi berezia erakutsiko dute, eta, ondoren, Iruñeko Baluarten grabatutako Iruñea kantuan kontzertua.

Futbol jokalariak izango dira gaurko saio nagusiko protagonisten artean: Athleticekoek Sorginak infernuko hauspotik irteten abestuko dute, Kepa Junkerarekin; Eibar futbol taldekoek Itoizen Lau teilatu-ri ekingo diote; eta Realeko mutilek eta neskek Olentzero kantatuko dute, Gozategi Anaiekin batera.

Ez dira kirolari bakarrak izango: Oinatz Bengoetxea, Pablo Berasaluze, Andoni Aretxabaleta eta Iñaki Artola pilotariek ere parte hartuko dute ikuskizunean.

Horrez gain, Baigorri Bankako Menditarrak taldeak Xalbadorren heriotzean aireratuko du. Alaia Martin, Jone Uria, Miren Amuriza eta Maialen Arzallus bertsolariak Gaueko izar doinuarekin arituko dira.

Ziburuko Kaskarotenea ikastolako haurrekin abestuko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Pantxoa eta Pello bikotearen laguntzarekin.

Zuriñe Hidalgok (Hesian), Maria Amolategik (Sugan) eta Xabier Euzkitzek omenaldia egingo diote Mikel Laboari, Txoria txori abestiaren 40. urtemuga dela eta.

HAMAIKA

Aurten ez dute programazio berezirik Gabon gauerako, aste osoan ari direlako urte amaierari begira. Izan ere, Urteari so saioa programatu dute abenduaren 22tik 26ra emateko. Urtearen errepasoa egiten dute, politika, gizarte eta kultura aldetik, besteak beste. Gaur, 21:00etan, ekonomiaz arituko dira Adrian Zelaia eta Joseba Barandiaran adituekin. Bihar, ordu berean, urteak kulturan eman duenari erreparatuko diote, Goizalde Landabaso, Julen Azpitarte, Agus Perez eta Izaskun Arandiarekin.

ETB2

Hoy reviento y mañana como limpio umore saioa emango dute, 21:30etik aurrera: Oscar Terol, Maribel Salas, Asier Hormaza, Santi Ugalde eta Miriam Cabeza arituko dira esketxak egiten.

LA1

Especial Nochebuena saioa aurkeztuko du Ramon Garciak. Ondoren, musika emanaldia, Joan Manuel Serrat, Bustamante, Estopa eta Joaquin Sabinarekin.

LA2

20:00etatik aurrera, Arcangelo Corelli eta Johann Sebastian Bachen musika joko dute, Madrilgo Errege Jauregitik. Bihar, eguerdian, RTVEko orkestrak Ottorini Respighi, Txaikovsky eta Haendelen piezak joko ditu.

TELE5

La noche en paz; especial Nochebuena saioa emango dute 21:15etik aurrera.

ANTENA3

Los Simpson telesailaren Gabonetako hiru atal emango dituzte, 21:00etan, horietako bi estreinaldi gisa. 23:00etatik aurrera, Tu cara me suena lehiaketaren saio berezia emango dute. Eguberri egunean, 22:00etan, El Hobbit: un viaje inesperado filma emango dute.

TF1

Urtero legez, Les 12 coups de Noël lehiaketa bereziarekin hasiko dute Gabon gaueko programazioa, 20:55ean. Spécial bêtisier saioan, 23:35ean, amaitzen ari den urteko unerik barregarrienak bilduko dituzte.

FRANCE2

Les rois du bêtisier umore saioari ekingo diote 20:45ean. Les Chevaliers du Fiel umoregile bikotea gonbidatu dute.

FRANCE3

Abeslari bat abesbatza batekin. Formula horrekin arituko dira 300 choeurs pour les fêtes saio berezian. Tartean, Salvatore Adamo eta Nolwenn Leroy.

ARTE

Marx Anaien bi film klasiko Eguberri egunean: bihar, 23:30ean, Soupe au canard (1933) eta 00:40ean, Monnaie de singe (1931).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.